Labegaraieta, gimnasia erritmikoaren topagune

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ots. 2a, 10:13

Ariznoa klubeko talde bat, Labegaraietan egindako erakustaldian. (Argazkia: GOIENA).

Gimnasia erritmikoko amateur mailako Gipuzkoako lehen fasea jokatuko dute bihar Labegaraietako kiroldegian; gutxienez, hamabost klubetako gimnastek hartuko dute parte, eta han lehiatuko dira Bergarako Ariznoa klubeko bi talde eta Noa Lezeta bakarka.

Zapatuan jokatuko dute gimnasia erritmikoko amateur mailako Gipuzkoako lehen faseko txapelketa, Labegaraieta kiroldegian. Egun osoan arituko dira gimnastak, taldeka zein bakarka, azken asteetan landutakoa epaileen eta ikusleen aurrean erakusteko. Goizeko saioan, 10:00etatik 14:30era bitartean senior eta gazte mailetakoak arituko dira; arratsaldean, berriz, 16:30etik 19:30era, kadeteak. Denera, hamabost klub ingurutako gimnastak izango dira parte hartuko dutenak. Bergarako Ariznoa klubetik senior mailako bi taldek egingo dute koreografia tapiz gainean –bata 12:30 aldera eta bestea 12:50 inguruan–, eta bakarka arituko da Noa Lezeta kadete mailan. Debagoienak izango du beste ordezkaritza bat ere; izan ere, Arrasateko Dragoi Gimnasia Taldea ere izango da.

Gipuzkoako Txapelketa dute helburu aurrez jokatzen diren bi faseek, baina, Ariznoako entrenatzaile Ainize Lizarraldek aurreratu duenez, taldekakoan denak sailkatuko dira finalerako, eta, horregatik, zapatuko erakustaldiak taldeei balioko die koreografia lantzen joateko, neurriak hartzen joateko eta urduritasunak kudeatzen ikasteko. Banakakoan, baina, Gipuzkoako finalerako 12 gimnasta sailkatzen dira eta kontuan hartzen dira lehen eta bigarren faseetako emaitzak.

Bigarren fasea Azpeitian jokatuko dute, martxoaren 17an; finala, maiatzaren 5ean, Tolosan.

Hobetzea helburu

Klub barruko erakustaldiak egin dituzte, baina denboraldi honetan lehen aldiz jarriko dira epaileen aurrean. Lizarraldek nabarmendu du ikasturte honetako erronka nagusia dela hasieratik bukaerara bitartean hobetzen joatea. Biharkoaz ere hitz egin du: "Zapatu honetan ikusiko dugu epaileek nola epaitzen duten norberak egindako lana. Horren arabera, zerbait aldatu behar bada, hobetu egingo dugu, kurtsoa ondo bukatzeko".

Gainera, nabarmendu du garrantzi handia ematen diotela gimnasia erritmikoa taldean egiteari: "Gerta liteke taldea astean behin etortzea entrenatzera, baina beste norbait egunero etortzea. Gimnasta horrek taldean eta bakarka egiten du. Noa Lezeta, adibidez, kadete mailako bakarra da, eta horregatik egiten du bakarka".

Eskolartekoa hastear da

Otsailaren 24 eta 25ean, Gipuzkoako eskolarteko lehen fasea jokatuko dute, Donostian; bigarrena, apirilaren 20an eta 21ean; eta finala, maiatzaren 11n.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak