"Elkarlana indartzeko" hitzarmena, Bergarako Udalaren eta Enpresare elkartearen artean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 25a, 13:09

Alain Vivas eta Gorka Artola hitzarmena sinatzen, alkatetzan. Argazkia: Bergarako Udala.

Bergarako Udalak eta Enpresare elkarteak hitzarmen berria sinatu dute 2024. urterako, 2022. urtean hasitako proiektua garatzen jarraitzeko asmoarekin. Atzo, eguaztena, sinatu zuten hitzarmena Bergarako alkate Gorka Artolak eta Enpresare elkartearen presidente Alain Vivasek.

Enpresare Elkartea 2021ean erakunde bezala eratu zen eta gaur egun egiten ari diren jardueren jarraipena beharrezkoa ikusi dute bi aldeek. Proiektua eta enpresa foroak martxan daude eta baita enpresekin lan taldean partekatutako eta bakarka jorratzen ari den ibilbidea ere.

Horrez gain, beste lau urtetarako Plan Estrategikoa zehaztu zen iaz, eta, aldi berean, enpresa berrien kaptazio lana egiten ari da etengabe, gaur egungo 23 enpresen taldea 25era iristeko. Bide horretan, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroak egingo duen ekarpena balioan jarri nahi izan dute bi aldeek.

Azken urtean egindako lanaren balorazioa positiboa izan da, eta ekimenaren jarraipenak garrantzi handia duela baloratu da enpresa partaide guztien aldetik, eta baita Enpresare foroko zuzendaritza komitearen aldetik ere; Bergarako Udala komite horretako partaide da eta baita elkarteko bazkide kolaboratzailea ere.

Gorka Artola alkateak honako hau adierazi du: "Garapen industriala eta gure enpresen lehiakortasun jasangarria bultzatzeko konpromisoaren barruan, pauso berriak emateko prest gaude. Bergara denon artean eraiki behar dugula diot askotan. Bakoitzak bere esparrutik; baina guztiok helburu antzekoekin. Erronka asko ditugu parez pare herri eta gizarte bezala, eta askotan erronka horiei imajinaziotik eta anbiziotik erantzun beharko diegu".

Enpresare elkarteko Alain Vivas eskerrak eman nahi izan dizkio  Bergarako Udalari: "Betidanik izandako konpromisoagatik eta Enpresare eta lurraldeko enpresei emandako laguntzagatik. Elkarteak 12 urte daramatza martxan eta hori ezinezkoa izango zen laguntza hau gabe". 

Bestetik, otsailaren 8ko batzar orokorrera begira honako hau dio Vivasek: "Urteak betetzen jarraitzeko konpromisoa dugu eta Bergarako industria sarearen eraldaketa eta garapen tresna jarraitzen izateko prest. Beti ere, elkarlana sustatzen eta laguntza-sare bat sortzen".

Hitzarmen berri honen bitartez, Bergarako Udalak 30.000 euro eskainiko dizkio Enpresare-ri, proiektu berrien bitartez Bergarako eta inguruko enpresen arteko elkarlana bultzatzen jarraitu, beste erakunde eta agenteekin erlazionatu eta lankidetza sustatzeko. Azken helburua udalerriko enpresen jarduera ekonomikoa sustatzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak