Gaur arratsaldean egin dute II. Kaleko Eskubaloi Txapelketa Bergarako Udal Pilotalekuan eta iaz baino parte-hartzaile gutxiago izan diren arren, gogotsu ibili dira neska-mutikoak nor baino nor gehiago. Lehenengo, LHko 3. eta 4. mailako gaztetxoen partiduak izan dituzte eta gero, LHko 5. eta 6. mailakoenak. Lehen txandan dozena bat pasatxok hartu dute parte eta bigarrenean, 25 inguruk. Partidua noiz jokatu zain zeuden taldeek, gainera, eskubaloiarekin lotutako jolasak ere egin dituzte.
Bergarako Kirol Elkarteko Eskubaloi sailak antolatutako ekimena izan da, eta kirola ezagutzera ematea izan da aurten ere helburu nagusia. "Normalean Labegaraietako kiroldegian jokatzen dugu, baina kaletik urrun geratzen da. Baina txapelketa pilotalekuan eginda, kalean zaudenez, jende gehiago hurbiltzen da", azaldu du antolatzaile lanetan ibili den Unai Orgazek.
Partiduak jokatu dituztenen artean, gainera, neskak izan dira gehiengoa, batez ere gaztetxoenen artean. "Azken urteotan joera da, orokorrean, neska gehiago izatea mutilak baino eta guk ere igarri dugu gaurko izen-ematean"."