Kopla Barik bertso-eskolak Txapeldunen Ligako bertso-saioa antolatu du hilaren 28rako kartzela zaharrean, gaueko hamarretan. Urteroko bertso-saioa da eta iaz parte hartu zuten Patxi Aiastui, Jon Altuna Oxan, Iraitz Artola, Enaitz Alustiza, Asier Arriaran Txie, Mikel Mendiaratz, Iñigo Arzelus eta Gari Lopez Munainekin batera izango da Jon Mata antzuolarra; gai-jartzailea, berriz, Ibon Leibar Txinbo, eta adierazi du gai umoretsuak nahiz Bergararekin lotutakoak izango direla.
Saioan zehar bertsolariak "kanporatzen" joango da epai-mahaia, buruz burukora bi heldu arte, eta haien artean erabakiko da nor den irabazlea. Txinbo-k dio ez dela txapelketa, "jolas moduko" zerbait dela.
Bertso-eskolako lana, argitan
Gau "polita" izaten dela azaldu du Txinbo-k, eta, bidez batez, bertso-eskola aktibatzeko balio duela: "Udan gutxiago elkartzen dira, eta orain, egun horren prestaketekin, astero elkartzeko aitzakia dute".