Bergarako Txistulari bandaren eta Bergarako Erraldoien kalejirarekin hasi dute eguna Bergarako San Antonio auzoko kideek urtero antolatzen duten Napar Feriaren 25. urteurrenean. Gaztetxoenek izan dute tarte bat bertan erraldoien atzetik ibiltzeko txistulariek giroa pizten zuten bitartean. Kalejira San Antonio auzoan zehar ari zen bitartean, azokako postuak dagoeneko martxan zenbiltzaten. Aurtengo edizioan askotariko produktuak izan dira azokan, eta arrakasta handia izan dute bertaratu direnen artean. Gozogintza, turroia, Roncal Ukerdi jatorri-izeneko gazta, txokolatea, barkilloa, eztia, hestebeteak eta gozokiak egon dira, besteak beste, azokan, eta erosleak ez dira esku hutsik itzuli etxera.
Saltzaileek nabarmendu gura izan dute azokan "bizitzen den giroa", eta oso pozik agertu dira jendeak haien produktuekiko izan duen "harrera onagatik".
Tartean marmitakoa
Urtero izaten da patata osagai nagusi izaten duen lehiaketa gastronomiko bat Napar ferian, eta aurten lehiaketa kutsu hori izan ez badu ere, Umore-Ona, Artatse, Lasai-Toki, San Migelpe, Gure Ametsa, Sagarpe, Madura eta Altzasu elkarteetako kideak aritu dira ostera bertaratu direnek jan duten platera prestatzen: marmitakoa. "Osagai mundialak" izan dituztela gaineratu dute sukaldariek, eta lehiaketarik izan ez denez eta, ondorioz, irabazlerik ere egon ez denez, "elkarteen artean eta elkarte bakoitzean dagoen giro ona" izan da haientzat sari nagusia.
Musika emanaldia
Marmitako lehiaketaren eta azokaren ostean, Jon, Jaione eta seme-alabak musika taldeak kontzertua eskaini du Canalejas-eko orubeko plazatxoan. Iaz ere izan ziren Napar ferian, eta orduan izan zuten arrakasta ikusita, ez dute haien diskoa aurkezteko toki hobeagorik aurkitu Bergarako San Antonio auzoa baino.