Aitortza jaso dute odol gehien eman duten bergararrek

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko abe. 16a, 14:14

Urteroko ohiturari eutsiz, Bergarako Odol Emaileen Elkarteak 2022ko abenduaren 31ra arte odol gehien eman duten herritarrak omendu ditu. Denera, 29 herritarri egin diete aitortza eta diploma eta intsignia jaso dituzte 13:00ean San Joxepen egin duten ekitaldian.

Aurtengoan 29 odol-emaile bergarar omendu ditu Bergarako Odol Emaileen Elkarteak 2022ko abenduaren 31ra arte egin dituzten odol-emate kopuruagatik. Elkartetik adierazi dutenez, 19 herritar dira 25 odol-emate baino gehiago egin dituztenak; hiru emakumek 40 donaziotik gora egin dituzte; bost gizonezko izan dira 50 etik gora aldiz eman dutenak; eta, azkenik, odola 60 eta 75 aldiz eman duten emakume eta gizon bada daude.

Esker hitzak

Ekitaldiaren amaieran, Bergarako Odol Emaileen Elkarteko kide Antonio Herzog-ek hartu du hitza. Alde batetik, eskerrak eman dizkie odol-emaileei. "Eskertuta gaude odol-emaile kopuruarekin eta Bergarak eman duen erantzunarekin. Zenbaitetan lekuz aldatu behar izan dugu, pandemia bat... Baina eutsi diogu. Eta odol-emaileen erantzuna ere positiboa izan da. Gauzak zeuden bezala egonda ere etorri dira eta balorazio positibo hori egin behar dela uste dut", esan du Herzog-ek.

Odol-emaile izatearen garrantziaz ere aritu da: "Garrantzitsua da odol-emaile izatea; bizitza asko salbatzen baitira". Halaber, gehitu du askotan herritarrak ez direla jabetzen odola donatzeak zenbaterainoko garrantzia duen.

Era berean, eskerrak eman dizkie baita ere Bergarako Udalari San Joxepe elkarteko Arin eguneko zentroa odol-ateratzeak egiteko egokitzen uzteagatik. Hala ere, lokal baten beharra dutela ere azpimarratu du, besteak beste, odol-emaileen artxiboa gordetzeko eta hurrengo belaunaldienako kideek eskura izan dezaten. Bergarako Udalean eskaera egina dutela, baina atea berriro joko dutela azaldu du Herzog-ek.

Odol-emaile izateko deia

Bergarako Odol Emaileen Elkarteak dei egin diete herritarrei odola ematera. Edozein argibideetarako honako hau da telefono zenbakia: 747 42 99 20 (Dulce).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak