'Miserableak' musikala izango da protagonista Bergarako Musika Eskolaren Gabonetako kontzertuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko abe. 13a, 10:41

BMEren 25. urteurrenean, 2009an, 'Miserableak' musikala antzeztu zuten une bat. (Argazkia: GOIENA).

400 lagunek hartuko dute parte Bergarako Musika Eskolak hilaren 22an eskainiko duen kontzertuan; urtarrilaren 6an 30 urte beteko ditu BMEren euskarazko Miserableak musikalak eta bertan parte hartutako abeslariak ere gonbidatu dituzte.

Tradizioari jarraituz, Bergarako Musika Eskolak (BME) Gabonetako kontzertua eskainiko du abenduaren 22an, 18:30ean, Udal Pilotalekuan. 400 lagun inguruk hartuko du parte talde ezberdinetan banatuta eta berezia izango da emanaldia; izan ere, urtarrilaren 6an 30 urte beteko dira BMEk euskarazko Miserableak musikala estreinatu zuenetik, eta obra hartako abestiak izango dira entzungai, besteak beste, beste askoren artean. Hauxe da egitarau osoa.

Marije Ugalde BMEko zuzendariak adierazi du Miserableak "inflexio puntua" izan zela Musika Eskolarendako. "Inork ez zuen egiten horrelako proiektu musikal erraldoirik. Gainera, euskaraz egiten lehenak izan ginen eta orain ere, oso jende egiten du oso zaila delako, baina guk jarraitzen dugu. Hori izan zen abiapuntua. Hortik aurrera oso proiektu interesgarriak atera dira eta hortxe jarraitzen dugu. Azken proiektua ere Bretxa izan zen eta uste dut musikalak badirela Musika Eskolaren berezitasun", dio.

'Miserableak' musikalari omenaldia

Denera 15 pieza joko dituzte frontoian eta horietatik sei izango dira Miserableak musikalekoak. Trikiti, pandero, perkusio eta dantza taldeak Eguna amaitzean joko du; hasiberrien eta haurren abesbatzek, berriz, Laino arteko gaztelura eta Jende txikia; gazte bandak, Etxeko jauna; orkestra sinfonikoak, I dreamed a dream, eta, amaitzeko, orkestra sinfonikoak, gazte bandak, abesbatzak, eskolako ikasleek, gurasoak eta BMEren Miserableak musikalean parte hartu zutenek –1994an eta BMEren 25. urteurreneko emanaldiko partaideak– Finale-Miserableak interpretatuko dute.

Zenbait abestiri bakarlariek jarriko diete ahotsa eta Etxeko jaunak abestiaren kasuaz hitz egin du: "Alde batetik, Valen Moñux egongo da berak musikalean duen Thenardier-en papera egiten. Baina gero, Julen Poza 9 urtekoak egingo du Moñuxen paper bera. Kontzertua da, baina kasu horretan, antzeztuko dute zerbait. Garbi utziko du horrek etorkizuna ere badagoela. Gu hasi ginen eta ondorengoek ere egingo dituzte gauzak".

Era berean, abestien itzulpenean jarri du azpimarra zuzenean ingelesetik euskara egin baitzituzten itzulpenak: "Azkenean, musikal pila egiten ditugu eta Miserableak-en musika oso zaila da ahaztea oso musika ona eta polita baita. Zuzenean ingelesetik euskara egin zuten itzulpena zoragarria da. Kantua eta letrak bikainak dira. Lan hori askotan ahaztu egiten dugu, baina itzulpena zuzenean euskarara egitea txispa horrekin aipagarria da".

Gabonetako beste kontzertuak

Hilaren 22koa ez da BMEko ikasleek Gabonetan parte hartuko duten ekitaldi bakarra. Abenduaren 16an, zapatua, 18:30etik aurrera, haurren abesbatza girotuko du haurren abesbatzak; domekan, berriz, Azkoitiko Gabon Kanten Jaialdian hartuko du parte hasiberrien abesbatzak. Abenduaren 23an, 18:00etan, Boluko auzoan ibiliko dira erraldoiak eta BMEko trikitilariak, eta azkenik, hilaren 24an Olentzero eta Mari Domingiren desfilean hartuko dute BMEko trikitilariek.

'Merchandising'-a salgai

Ikasturte honetan 40. urte bete ditu BMEk eta hori ospatzeko telazko poltsak jarriko dituzte salgai; baita Peter Pan eta Alizia musikalen DVDak nahiz Bretxa musikalaren USB-a ere. Horiek Musika Eskolan egongo dira salgai, eta Gabonetako kontzertuan ere frontoian eskuratu ahal izango dira. Halaber, Ugaldek azaldu du urtarrilean iragarriko dutela urteurrena ospatzeko prestatu duten egitaraua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak