Partidua hasi aurretik, jardunaldiko gainerako partiduetan egin bezala, azaroaren 25ean bat-batean hil zen Urkiko jokalari Unax Garciaren omenez minutu bateko isilunea egin dute.
Etxaniz protagonista lehen zatian
Epaileak partiduaren hasiera adierazi eta berehala ikusi da Ordiziak zail jarriko zituela gauzak. Partiduaren jabetza hein handi baten Bergararena izan bada ere, oso ondo itxi da Ordizia bere zelaian, Bergarako jokalariak ia uneoro deseroso sentiarazita. Hori horrela ere, etxeko taldea aurreratu da hasiera baten inongo arriskurik ez zirudien jokaldi batetik; erdi zelaitik gertu egindako erdiraketa bat baliatu du Iker Etxaniz aurrelari bergararrak boleaz sekulako gola egiteko. Hortik minutu gutxira, Etxanizek berak langara bidali du baloia. Bergararen minutu onenak izan dira horiek baina gutxira Ordizia esnatu egin da eta aurrera egin du berdinketaren bila; bilatu eta aurkitu, atsedenaldiaren atarian penalti bat adierazi die-eta epaileak. Atsedenaldian, banako berdinketa.
Ordiziarren berdinketa 85. minutuan
Bigarren zatiko lehen minutuak ere jabetza argi barik pasatu dira, Ordiziak hasieratik oso ondo jarri da-eta zelaian. Bergarak baloi jabetza izan arren apenas sortu du arriskurik. Etxekoen gola jokaldi isolatu baten heldu da, areaz kanpoko jaurtiketa eder baten ostean (2-1). Etxekoek bigarren gola egin eta markagailua defendatzeko atzera egin dute eta hori baliatu du Ordiziak gero eta gehiago estutzeko; binako berdinketa 85. minutu inguruan heldu da, Ordiziako jokalari batek korner bat maisuki errematatu ostean. Bergarak ez du denborarik izan erreakzionatzeko. Amaieran, binako berdinketa; Bergararen bigarren berdinketa da etxean, orain arteko gainerako partidu guztiak irabazi egin ditu-eta.