Elgoibarko plazatik abiatu ziren korrikalariak 11:00etan, lasterketa Karakate gainean amaitzeko. Ehun lagunek hartu zuten parte eta bakoitzak bere bidea aukeratu zuen. Tontorrera heldu zen lehena Aritz Unamuno izan zen –27'51''– eta emakumeetan azkarrena, Ainhoa Lendinez elgoibartarra –35'48''–.
Duela lau urte ere egin zuen lasterketa Unamunok (Bergara, 2000), baina ez zen ondo oroitzen ibilbideaz eta kanpoan ari denez ikasten, ez du tarterik izan bertatik bertara probatzeko. Horrela sarean, online, topatu du bidea eta hor hartutako erreferentzia batzuk, aurretik zihoazenak eta bidean korrikalariak animatzen zegoen jendea kontutan hartuta egin du Karakateko igoera: "Igoera egiteko bide ohikoa dena egin dut, erreferentzia horiek hartuta. Oso gustura egin dut. Entrenatzen ibili naiz, ondo, indartsu nago eta mendian asfaltoan baino hobeto ibiltzen naizela jakinda, gustura egin dut, bai. Gainera, igoerak hobeto egiten ditut jaitsierak baino".
Zapatuan egindako lasterketa horrekin bukatu du Unamunok aurtengo proben egutegia. Mendian ibiliko da neguan eta udaberrian ekingo die datorren urteko lasterketei.
Barren aldizkariak jaso du Karakateko igoerako kronika eta sailkapena.