Mizpirualde egoitzakoen errutina alaitzeko astean murgilduta daude

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko aza. 17a, 08:12

Eibarko erretiratuen dantza taldea martitzenean, Mizpirualdeko emanaldia amaitu osteko talde argazkian.

Mizpirualdeko egoitzan Kultura Astea ari dira ospatzen hilaren 13tik 18ra; orain arteko ekintzetan musika eskolako umeak izan dira protagonista, Eibarko erretiratuen dantza taldearekin batera. Bihar bazkari berezia eta mariatxiak izango dituzte, besteak beste.

Aste berezia ari dira bizitzen Mizpirualden, aurten azaroaren 13tik 18ra ari dira-eta ospatzen Mizpirualdeko Kultura Astea. Aste osoan zehar 17:15ean eta 18:15ean ekintza berezi bana antolatu dute egoiliarrei begira. Aste barruko ekintzak ondo joan direla diote antolatzaileek, egoiliarren egunerokoa alaitzeko ekimen oso interesgarria dela

Umeak egoiliarren aurrean

Astelehenean, magia ikuskizun batekin abiatu zuten ospakizuna, eta, ondoren, Bergarako Musika Eskolako soka taldeak emanaldi txiki bat eskaini zuen; biolin eta biola-jole gaztetxoenek jo zuten. Martitzenean, berriz, Eibarko erretiratuen dantza taldearen erakustaldiaz gozatu ahal izan zuten Mizpirualdeko egoiliarrek –argazkian, dantzariak, emanaldia bukatu ostean–. Ondoren, musika eskolako hasiberrien abesbatzaren emanaldia izan zuten. Eguaztenean, egoiliarren artean arrakasta handia izan ohi duen bingoa egin zuten, opari berezien zozketarekin, eta ondoren musika eskolako trikitilarien eta gitarra-joleen kontzertua izan zuten. Atzo, eguena, Eva akademiaren eskutik fitness flamenko saio bat izan zuten, eta ondoren musika eskolako dantzarien txanda heldu zen.

Bazkari berezia bihar

Gaur eta bihar borobilduko dute Kultura Astea. Gaur, 17:15ean hasita, Oroitzapenerako kantuak izena jarri dioten emanaldia izango dute. Bihar, hilak 18, goiz eta arratsaldez izango dute egitaraua. Hasteko eta behin, bazkari berezia izango dute 12:30ean hasita eta, ondoren, 13:45ean, Dominguez mariatxiaren kontzertua egongo da. Egunarekin amaitzeko, Araba Musikal elkarteko soinujolearen kontzertua izango dute, 15:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak