Borja Elkoroberezibar: "Ikusi dugu lehiakorrak izan gaitezkeela"

Xabier Urtzelai 2023ko aza. 10a, 18:00

Borja Elkoroberezibar, aste barruan Labegaraietan.

Orkatilatik min hartuta dagoen arren, Borja Elkoroberezibarrek (Bergara, 1993) ez du gaurko entrenamendu saiora kale egingo. Asteburuan Easo liderraren kontra puntu batengatik galdu izana ahaztu (76-77), eta Ordiziaren partidua prestatzen hasteko ordua da. 

Bergarako kapitainak ezin die kantxatik, oraingoz, taldekideei lagundu, baina lehenbailehen errekuperatzeko gogoz dabil. "Inork ez du min hartuta egon nahi, baina burumakur egonda ezin da taldean ekarpen handirik egin. Hobe horri buelta eman eta aulkitik ekarpena egitea", dio kapitainak.

Liderraren kontra puntu bateko aldeagatik galdu izanak ze zapore utzi zizuen? Izan ere, hainbat irakurketa egin daitezke.

Partidu bat galtzen duzunean inor ez da pozik egoten, baina beroan egiten den irakurketa da hori. Gero, denbora pasata, konturatzen zara liderraren aurrean lehiakorrak izan garela, taldeak dituen bajak beste jokalari batzuekin ordezkatu ditugula, eta taldeak neurria eman duela kantxan. Baina irakurketa hori hotzean egiten da, ez partidua amaitu eta berehala. Easoren kontra partidua irabaztera irten ginen; garbi geneukan hori, eta gauza asko egin genituen ondo. Baina kontziente gara kontrarioak 20-30 puntu erraztasun handiz egin zizkigula, eta horrela zaila da irabaztea.

Bost partidu jokatu dituzue Euskadiko Txapelketako bigarren mailan, eta horietako bi irabazi dituzue. Nahikoa da talde hau non egon daitekeen ikusteko?

Ez dakit erantzuten. Nahikoa da ikusteko talde lehiakorra garela. Galdu ditugun hiru partiduak izan dira San Prudentzioren kontra –5 puntugatik–, Askartzaren kontra –4 puntugatik– eta Easoren kontra –puntu batengatik–. Eta garbi daukagu hiru talde horiek liga amaieran aurrean egongo direla. Partidu horiek galdu egin baditugu ere, lehiakorrak izan gara, eta horrekin geratzen naiz. Gero, partidua joan daiteke alde batera edo bestera, baina hor egon behar duzu, irabazteko aukerekin.

Maila batetik bestera gauzak egiteko modua asko aldatu duzue?

Ez pentsa. Astean hiru entrenamendu saio egiten ditugu, eta aurreko urteetan ere motibazio berbera geneukan. Akaso, egia da kategoria berrian egonda gauzak ondo egin nahi dituzula, talde sendoak aurrean izanda norberak ere ilusioak berritzen dituela, taldea indartzeko ahalegina egin dela... Baina ez dut uste lan egiteko moduan aldaketa handirik izan dugunik.

Min hartuta zabiltza...

Bai, orkatilan daukat lesioa, zaintiratu bat. Pare bat aste daramatzat kantxetatik kanpora, eta errekuperatzeko oraindik beharko ditut beste bizpahiru aste. Ea kontu hau ez den askorik luzatzen, ze halako lesioak... Halakoak ondo errekuperatu behar dira, aurrerago buruko minik eman ez dezaten.

Eta halakoetan kapitainak ze ekarpen egin dezake taldean?

Taldearen ondoan egoten saiatzen naiz; entrenamendu guztietara joan, partiduak aulkitik jarraitu... Taldekideek burumakur ikusten bazaituzte nekez egingo duzu ekarpenik. Saiatzen naiz egoerari buelta ematen, gainontzekoen moduan.

Min hartuta zaudetenak errekuperatzen zaretenean...

Poliki-poliki hori da asmoa. Mikel Gutierrez iazko lesiotik errekuperatzen dabil; Josu Martinez ere ez zen Easoren kontra egon. Ea denok kantxara bueltatzen garen lehenbailehen

Asteburuan azken sailkatu Ordiziaren kantxan jokatuko duzue.

Partidu arriskutsuak dira horiek, azkenak izanda ere kategoria honetan edonork daukalako min egiteko gaitasuna. Baina bai, irabazi beharreko partidua da, zalantza barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak