Orfeoiaren 100 urteko ibilbidea gogoan, biharko kontzertuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 10a, 11:15

Orfeoia, maiatzean, Mozarten 'Requiem' interpretatzen San Pedro elizan. (Argazkia: GOIENA).

Bergarako Orfeoiak mendeurreneko kontzertu berezia eskainiko du Udal Pilotalekuan 19:30etik aurrera.

Bergarako Orfeoiak mendeurreneko kontzertua eskainiko du bihar, 19:30ean, Udal Pilotalekuan. Abeslari, musikari eta dantzarien artean, 207 lagunek hartuko dute parte 100 urte kantuan izena duen 90 minutu iraungo duen emanaldian. Oraindik badaude sarrerak salgai www.seminarixoa.eus webgunean eta 10 eta 12 eurotan eros daitezke.

Sei mugarri eta omenaldiak

Orfeoiaren 100 urteko ibilbidearen laburpena egin nahi dute bihar, bideo eta argazkiekin, historian zehar izan dituen sei mugarri identifikatuz; hain zuzen ere, orfeoiaren hasiera, orfeoiak organoarekin izan duen harremana, orfeoiak beste eragile batzuekin izan duen erlazioa, orfeoia eta Bergarako musikalak, orfeoiaren kontzertu sinfonikoak, eta orfeoiko zuzendariak.

Omenaldiek ere izango dute lekua arratsaldean zehar, baina bada bat aurrez aurre egingo dutena. Orfeoiko zuzendariak omenduko dituzte, eta egun bizirik daudenek presentzialki jasoko dute aitortza. Cristina Larrañaga eta David Azurza dira bertan egongo direnak, eta bakoitzak pieza pare bat zuzenduko ditu emanaldian zehar.

Horien aurretik Bergarako Orfeoiko zuzendari izan ziren Roman Oyarzabal, Miguel Gonzalez Bastida eta Jesus Barroya, hurrenez hurren; guztiak zenduta daude, baina aitortza jasoko dute horiek ere.

Goienan ikusgai

Era berean, www.goiena.eus atariak zuzenean eskainiko du; hurrengo egunetan webgunean nahiz hilaren 17an, 21:00etan eta 23:00etan, Goiena telebistan ere izango da ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak