Bueltan da Amodiozko Gutunen Lehiaketa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko aza. 8a, 13:12

Amodiozko Gutunen Lehiaketan 31.aldia, artxiboko irudi batean.

Jardun euskara elkarteak antolatuta, 32.aldia izango du egitasmoak. Estreinakoz, lehen aldiz parte hartzen dutenen artean lan onenaren saria banatuko da. Aldi berean egingo da Amodiozko Esaldien Lehiaketa ere, zortzigarrenez.

Jatorrizko, argitaratu gabeko eta euskaraz idatzitako lanak aurkezteko aukera izango da Bergarako Amodiozko Gutunen Lehiaketan. Jardun euskara elkartea da antolatzailea, eta, azaldu duenez, 2008an edo lehenago jaiotako edozeinek har dezake parte; gehienez ere hamar gutun aurkezteko aukera izango du bakoitzak. Eskuz zein ordenagailuz idatzi ahalko dira, eta 2024ko urtarrilaren 7a da lanak aurkezteko azken eguna.

Sari banaketari dagokionez, otsailaren 14an, eguaztena, egingo da, Bergarako Irizar Jauregian, 19:00etan. 500 eurokoa izango da lehenengo saria; bigarrena, berriz, 250 eurokoa. Horrez gain, bergarar onenak 150 euro eskuratzeko aukera izango du, eta 1997an edo lehenago jaiotako lanen artean, 150 euroko saria banatuko da. Azkenik, eta estreinakoz, lehen aldiz parte hartzen dutenen artean lan onena sarituko da, ehun euro banatuta. Alabaina, antolatzaileek ohartarazi dute gutun berak ezin izango duela sari bat baino gehiago eskuratu eta lan guztiak elkartearen esku geldituko direla.

Amodiozko Esaldien Lehiaketa

32.aldia izango du Amodiozko Gutunen Lehiaketak, baina, horrez gain, Amodiozko Esaldien Lehiaketa ere egingo dute, zortzigarrenez. Lehiaketan edozein pertsonak har dezake parte, baina jatorrizkoak izan beharko dira esaldiak; gehienez ere hamar aurkezteko aukera izango da, 2024ko urtarrilaren 14a baino lehen. Esaldi onenak ehun euroko saria eskuratuko du.

Lanak aurkezteko bidea

Lanak aurkezteko erari dagokionez, gutunak posta arruntez bidaltzeko aukera izango da izen-abizenak, adina, telefonoa eta helbidea jarrita. Baina baita mezu elektroniko bat bidalita ere amodiozkogutunak@gmail.com helbidera. Esaldiak, berriz, Whatsapp bidez edo mezuz bidali daitezke 605 712 469 telefono zenbakira.

Posta arrunta erabiliz gero, honakoa da helbidea:

Amodiozko Gutunen XXXII. lehiaketa

Jardun Euskara Elkartea, Errotalde Jauregia z/g

20570 Bergara – Gipuzkoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak