Bideo-jokoek hartu zuten Bergarako Zabalotegi aretoa atzo

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 5a, 14:38

Bideo-jokozaleek urrian euskaraz lehian ibiltzeko aukera izan dute Game Erauntsiaren eskutik, Wolfram Encounterraren egitarauaren barruan. Alde batetik, Minecraft bideo-jokoa erabilita Bergara eraikitzeko aukera egon da, eta bestetik, Counter-Strike-2 bideo-jokoaren txapelketa egin dute. Bergarako Zabalotegi Aretoak hartu zituen atzo txapelketaren finalerdiak eta finala. Azkenean, The fans taldeak irabazi zuen.

Game Erauntsiak Bergarako Udalarekin elkarlanean, Minecraft bideo-jokoaren bidez, Bergara eraikitzeko egitasmoa jarri du martxan beste urte batez, eta parte-hartzaileek Bergarako eraikinak barrutik nahiz kanpotik eraiki ahal izan dituzte. Lander Unzueta da Game Erauntsiakeko kideak adierazi du iazko datuekin konparatuta, aurten jende gutxiagok hartu duela parte: "Pena izan da, aurreko urtean harrera ona izan baitzuen. Aurten kopurua mugatuagoa izan da; dena den, baten batzuk ibili dira Bergarako eraikinik ezagunenak sortzen eta forma ematen sortu dugun mapa birtual honi".

Bergarako eraikinen artean, Laboratorium izan da gehien eraiki dutena, eta Unzuetak aitortu du "sekulako lana" egin dutela parte-hartzaileek eraikinei itxura ematen: "Irudimenari eragin diote partaideek museoa sortzerako orduan. Hortaz gain, Bergara erdigunea ikusi dugu eraikita eta inguruko mendietan ere eraikinen bat edo beste agertu da".

Bergara, bideo-jokoan

Udalaren eta elkartearen arteko elkarlanetik sortu zen Minecraft-en Bergara sortzeko ideia. Unzuetak adierazi dutenez, herri modura, Bergaran egin dute soilik. Dena den, azaldu du aurreko urteetan Korrika digitalean aritu direla eta bertan Euskal Herri osoko mapa sortu izan dutela korrika ibiltzeko. Kasu horretan, hiriburuak sortu dituzte batik bat, baina norberak aukera izan du bere herria sortzeko. Dena den, asmoa badute zabaltzeko Bergaran praktikan jarri duten ideia beste herri batzuetara.

Minecraft da munduko bideo-jokorik salduena, baina Game Erauntsiakeko kidearen esanetan, askok ez dakite euskaraz dagoenik: "Euskaraz jolasteko aukera dago, batez ere, ordenagailuetan. Orduan hori ezagutzera eman nahi dugu, baina aldi berean, Minecraften indargunetako bat da sormena partekatzea eta hori sustatu nahi izan dugu. Bergara elkarlanean eraikitzea izan da helburuetako bat". Jokoaren "nortasuna" aprobetxatuta bideo-jokoek "beste zerbaitetarako" balio dutela erakutsi nahi izan dute baita ere: "Askotan indarkeriarekin edo tiroekin lotzen dira, baina hori baino askoz gehiago eskaintzen dute bideo-jokoek eta hori erakustea izan da gure asmoa".

'Counter-Strike-2' bideo-jokoaren finala

Joko ezagunaren harira egin dute txapelketa eta harrera "ona" izan du. Denera 10 bikote aurkeztu dira eta horiek aritu dira elkarren aurka lehian modu birtualean. Hala ere, atzo, aurrez aurreko finalerdiak, goizez, eta finala, arratsaldez, jokatu ziren Zabalotegi aretoan. Buruz burukora lau bikote sailkatu ziren eta azkenean, garaipena The fans taldearentzat izan zen. Irabazleek 50 euroko diru-txartela eskuratu zuten bideo-jokoetan gastatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak