Garazi Korta eta Ekain Larrea azkarrenak Antxintxika krosean

Hasier Larrea 2023ko aza. 4a, 20:34

Horietxek izan dira korrikalari onenak, baina ez saridun bakarrak. Handbike modalitatean Iñaki Igartua nagusitu da, eta Tetra kategorian Joseba Azkarate. Patinetan Aitor Vacas eta Berezi Martinez gailendu dira. Bergarar korrikalari azkarrena, gizonezkoetan, Endika Donay izan da, eta emakumezkoetan, Olatz Manuel.

Gaur arratsaldean guztira 410 lehiakide zeuden prest Soraluzeko irteeran, Antxintxika triatloi taldeak antolatzen duen 17. krosa hasteko zain. Bergarako Irala kalerainoko 10 kilometroak hiru modutan egin ahal izan dituzte: korrika, patin gainean edota handbikean –atletismoko aulkian aritu da Alfonso Lopez–. Antolakuntzak pozik nabarmendu du denera 113 emakumek parte hartu izana.

Hanbike-an, oñatiarrak nagusi

Handbike modalitatekoak izan dira irteten lehenak, 16:30ean. Sei lehiakideetatik Iñaki Igartua izan da bizkorrena, eta tetra kategorian, Joseba Azkarate; biak oñatiarrak. Igor Elizburu eta Mikel Goikoetxea bigarren eta hirugarren geratu dira handbikean. Bestalde, Eduardo Murgiak ikusmen urritasuneko arloan irabazi du. Aipamen berezia merezi dute gurpildun aulki gainean parte hartu duten haurrek eta haien laguntzaileek, kirola irabaztea baino gehiago dela erakutsi baitute beste behin.

Patinetan, bosgarren txapela Vacasentzat

16:45ean patin gaineko 22 lasterkarien txanda heldu da. Ziztu bizian iritsi dira Bergarara eta lehenengoa Aitor Vacas arabarra geratu da, bosgarren aldiz. Haren atzetik Julen Urkizar eta Ximon Villalobos iritsi dira helmugara. Emakumezkoetan, patin gaineko onena Berezi Martinez izan da, bigarrena Oihana Unamuno eta hirugarrena Itziar Zabaleta.

Gizonezkoetan, sprinta

17:00etan irten dira, azkenik, korrikalariak, 352 denera. Iazko bi irabazleak falta izan dira, Ainara Urrutia –Skyrunner zirkuitua jokatu berri du– eta David Garcia, lesioa tarteko. Faborito ugari zeuden ordea, eta horietako bik azken muturrera arte neurtu dituzte indarrak: Ekain Larreak eta Aitor Mimenzak. Iralako zuzenean orpoz orpo sartu dira, baina antzuolarrak 3 segundoko tartea sartu dio durangarrari. 30 minutu baino gutxiagoan helmugaratu dira biak: Larrea 29 minutu eta 31 segundoan, eta Mimenza 29 minutu eta 34 segundoan. Hirugarrenak, Peio Osorok, 30 minutu eta 12 segundo behar izan ditu. 

Emakumezkoetan, txapela Gasteizera

Garazi Korta gasteiztarra izan da, ostera, emakumezkoetan nagusi, 37 minutu eta 16 minutuko denbora eginez. 39 minutu eta segundo bat behar izan ditu bigarren sailkatuak, Nora Narbaizak,  39 minutu eta 16 segundo hirugarrenak, Maite Urteagak.

Mikel Crespo eta Oliver Hernandez sariak

Kategoria zehatzagoei dagokionez, bergarar azkarrenak Endika Donay eta Olatz Manuel izan dira. Debagoiendar azkarrenentzako ere sari bereziak egon dira, Mikel Crespo eta Oliver Hernandezen omenezkoak. Ekain Larreak eta Miren Josune Bikuñak eroan dituzte garaikurrak etxera.

 

Erlazionatuak

Antxintxika krosa argazkitan

Hasier Larrea 2023 aza 04 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak