Adinez ia nagusi, eta ilusio berrituekin dator Antxintxika krosa

Xabier Urtzelai 2023ko aza. 3a, 13:00

Hiru lagun, iaz, Domingo Iralako zuzenean, helmugan.

Bihar, zapatua egingo dute, 16:30ean hasita, Antxintxika krosaren 17. edizioa. Klubeko zuzendaritza berrituak errelebo aldaketa ekarri du taldera, eta antolatzaile gazteak ilusio berrituekin dabiltza. Dortsal gutxi batzuk geratzen dira banatzeko. 

Aste barruko parte-hartze datuak eskuan izanda, bihar, zapatua, kuadrilla polita batuko da Soraluzeko irteera puntuan, Antxintxika krosaren 17. edizioa egiteko gertu (16:30ean, gurpildun aulkikoak, 16:45ean, patinatzaileak, 17:00etan, korrikalariak). Izan ere, Antxintxikatik adierazi berri dute gaur, egubakoitza, eguerdian sei bat dortsal baino ez zituztela salgai –kirolprobak.com atarian eman daiteke izena–. Hori horrela, zapatuan 450 lagun inguru batuko dira Soraluzeko irteeran. 

Ibilbidea, berdin

Lasterketak ez du aldaketarik izango, Soraluzen hasi eta atletek 10 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, Bergarara arte. "Ikusten dugu jendea ilusioz etortzen dela, eta gu ere halaxe gaude. Antxintxika berez ez da atletismo talde bat, triatloi talde bat gara, baina kros honek talde moduan bizirik gaudela erakusten digu; garrantzitsua da guretako", dio Urrutiak. "Bada, Antxintxika taldeko zuzendaritza berriztea tokatzen zen eta errelebo aldaketa egon da, eta halakoetan normala den moduan, talde berria ilusio handiz dabil. Zapatura begira, saiatuko gara korrikalariak mimatzen".

Sail egokitua, indarrez

Horrekin batera, Urrutiak nabarmendu du Antxintxikako kirol egokituko sailak hartu duen indarra. "Aniztasun handiagoa ematen dio taldeari, eta, kirol egokituko kategoria ere egongo denez, lasterketari berari ere beste izaera bat ematen dio, inklusiboago bilakatzen du krosa. Eta ez bakarrik gurpildun aulkietan edo handbikean parte hartzen dutenengatik, patinatzaileen artean ere badaude gaitasun bereziak dituzten kirolariak, eta horiek ere irteera puntuan egongo dira". Eta aurten ere lagun asko izango dira urritasun funtzionala duten neska-mutikoen aulkietatik bultza eginez lasterketan esku hartzen. David Garcia, irteeran Iazko irabazleei dagokienez, lasterketa hainbatetan irabazi duen David Garcia durangarra iazko txapela defendatzera etorriko da. Emakumezkoetan Ainara Urrutia izan zen iaz onena, baina Aretxabaletakoa Skyrunner zirkuituan buru-belarri ibili da eta atseden hartuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak