'Counter-Strike' txapelketaren finala eta Minecraften eraikitako Bergararen erakusketa, bihar, Zabalotegin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 3a, 11:07

Urrian zehar Counter-Strike-2 bideojokoaren taldekako txapelketa jokatu dute Wolfram Encounterraren baitan, eta bihar, Bergarako Zabalotegi aretoan jokatuko dira finalerdiak eta finala; 11:00etan nahiz 18:00etan, hurrenez hurren. Bestalde, Minecraft jokoa erabilita, Bergara eraikitzeko aukera egon da baita ere urrian zehar, eta erakusketa jarriko dute finala baino lehen leku berean. Bi kasuetan, sariak egongo dira.

Urrian zehar, Wolfram Encounterraren egitarauaren barruan,zenbait ekintza antolatu ditu Euskal Herriko bideojokozaleentzat eta bihar emango zaie amaiera Bergarako Zabalotegi Aretoan. Alde batetik, Wolfram Encounterraren baitan, Counter-Strike-2 bideojokoaren txapelketa antolatu dute urriaren 14tik 29ra bitartean, eta bihar, aurrez aurre lehiatuko dira aurrena, finalerdietara iritsi diren taldeak, eta, ondoren, finala jokatuko dutenak. Bergarako Zabalotegi Aretoan jokatuko dira biak: lehena, goizez, 11:00etan, eta final handia, berriz, 18:00etan.

Partidak antolatzaileek jarritako ordenagailuetan jokatuko dira. Halaber, talde irabazleak saria izango du; taldekide bakoitzak 50 euroko diru-txartela jasoko du bideojokoetan gastatzeko. Finala, Twitch plataforman emitituko dute zuzenean, Game Erauntsia Elkartearen kanalean, elkarteko kideek egindako jarraipenarekin.

Halaber, ez da ekitaldi bakarra izango. Izan ere, bideojokozaleek Bergara eraikitzeko aukera izan dute urrian zehar Minecraft bideojokoa erabilita, eta bihar arratsaldeko bostetan, Counter-Strike-2aren finala baino lehen, denen eskura jarriko dute sortutakoa. Kasu honetan, parte-hartzaile guztien artean 50 euroko diru-txartela zozkatuko da. Erakusketa ere, Twitch-en jarraitu ahal izango da zuzenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak