Musika, dantza eta irudiak, 100 urte gogora ekartzeko

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 31a, 10:50

Bergarako Orfeoiko kideak mendeurreneko kontzertuaren aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Iñigo Barrena.

Bergarako Orfeoiaren mendeurrena ospatzeko kontzertua datorren azaroaren 11an (19:30) egingo dute Udal Pilotalekuan. Urte guzti hauetan mugarri izan direnak oroituko dituzte, musika eta bideoez osatutako bidaia batekin, eta, horretan lagunduko dute herriko beste hainbat eragilek. Kontzerturako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai; Seminarixoko takilan asteazkenetan erosteko aukera egongo da 18:0etatik 20:00etara, eta, www.seminarixoa.eus webgunean, egunero, 12 eta 10 euroren truke.

Bergarako Orfeoiak mendeurreneko ospakizunetan murgilduta dihardu 2023. urtean, eta ospakizun horien barruan, datorren azaroaren 11an egingo duten Orfeoiaren mendeurreneko kontzertuaren berri eman dute. Bergarako pilotalekuan izango da arratsaldeko 19:30etan eta abesalri, musikari eta dantzarien artean, 207 lagunek parte hartuko dute '100 urte kantuan' izenburua jarri dioten ekitaldian. "Zaila izango dena laburbiltzea, 99 urte hauetan gauza asko gertatu direlako, aldaketa asko, jende asko, zuzendari asko, errepertorio asko. Dena 90 minutuko ekitaldi batean batzen saiatu gara" dio Aitor Biain Bidarte Bergarako Orfeoiko zuzendariak.

Era berean, Orfeoiaz gain, azaroaren 11kako ekitaldia Bergara eta bergararrak omentzeko ere baliatu nahi dutela adierazi du Biainek: "Bergara omentzea ere nahi dugu, azken finean Bergarako Orfeoia gara eta Bergara izena daramagu alboan. Herria eta bertako eragileak ere omendu nahi ditugu, mende guzti honetan gure alboan izan direlako".

Sei mugarri

Mendeurreneko kontzertuaren helburua urte guzti hauen "laburpena" egitea dela dio Orfeoiko zuzendariak, eta horretarako lanketa bat egin dute, Orfeoiak historian zehar izan dituen sei mugarri identifikatuz: orfeoiaren hasiera, orfeoiak organoarekin izan duen harremana, orfeoiak beste eragile batzuekin izan duen erlazioa, orfeoia eta bergarako musikalak, orfeoiaren kontzertu sinfonikoak, eta, orfeoiko zuzendariak. "Kontzertuaren nukleoa orfeoia izango da, baina mugarri guzti hauek errepasatzeko, aurkezle bat egongo da, eta, bideo eta argazkien bitartez 100 urtetako bidaia bat egingo dugu" dio Biainek.

Kontzertua omenaldiz josita egongo da baina bada bat aurrez aurre egingo dena. Historian zehar izan diren zuzendariak omenduko dituzte, eta, egun, bizirik dihardutenak presentzialki jasoko dute eure aitortza; Cristina Larrañaga eta David Azurza dira bertan egongo direnak, eta, bakoitzak pieza pare bat zuzenduko dituzte emanaldian zehar. Programazioan abestuko dituzten piezak hurrengoak dira: Gloria, Liberame Domine, Ama begira zazu, Jacinto Chiclana, Biolin musikaz, Sentitu zaitez, Ev’ry time I feel the spirit, Canción Dorada, Jai Ho! eta Laino-izara. Azken bi piezak, berriz, O fortuna eta Quando coprus morietur, tutti erraldoi batekin borbilduko dituzte.

Sarrerak bihartik salgai

Kontzerturako sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte salgai 10 eta 12 euroko prezioan. Hauek erosteko bi modu egongo dira, alde batetik, asteazkenetan Seminarixoko takilan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean; edo www.seminarixoa.eus webgunean. Guztira 800 sarrera inguru jarriko dituzte salgai, baina joan ezinda gelditzen denak streaming bidez jarraitu ahalko du kontzertua.

Mendeurrena borobiltzeko ekintzak

Mendeurreneko ospakizunak, berriz, ez dira azaroaren 11kako emanaldiarekin amaituko. Urte amaierarako beste bi proiektu borobiltzea aurreikusten dute. Alde batetik, Bergarako Orfeoiari buruzko dokumentala egiten ari dira, bido, argazki eta adierazpenkin osatuta. Bestetik, Orfeoiaren webgunea ere berritzen dabiltza, herritarrek zein nahi duen orok, taldeari buruzko informazio eta bestelako guztiak ere txukun batean aurkitu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak