Bergarako Masterrekan irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanei jarraipena eman die Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 30a, 12:15

Infernukua tabernaren aldeko espaloitik Kruz Gallastegi kalera doan oinezkoentzako ibilbideari jarraipena emateko lanak hasi ditu Bergarako Udalak. Era berean, Masterrekako zenbait atarietara, espaloira, lokaletara nahiz garajeetara oinezkoentzako sarrera bermatu nahi dute. Bergarako Udaletik adierazi dute, "dena ondo bidean", Gabonetarako amaituta egongo direla lanak eta trafikoan ez dela eraginik izango.

Masterreka kalen oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak berrekin ditu Bergarako Udalak. 2023ko lehen bost hilabetetan egin zituzten Masterreka kaleko irisgarritasuna hobetzeko lanak, eta oraingoan, Infernukua tabernaren aldeko espaloitik Kruz Gallastegi kalera bitartean etenda dagoen espaloiari jarraipena emango die.

Gainera, oinezkoendako sarrera bermatu nahi da Masterreka kaleko 17-19 atarietara nahiz espaloira; baita Masterrekako 9, 11, 13 eta 15 zenbakietako atari, lokal eta garajeetara sartzeko plazatxoetara.

Egingo dituzten lanak

Azalera egokitu eta espaloi kotak altxatuko dituzte, eta Udalak aurreratu duenez, lanak aprobetxatuta eremu horretan euri-uren eta ur beltzen instalazioak berrantolatuko dituzte. Zebrabidea egokituko dute araudi berrira egokituz eta marka zein seinaleztapen horizontalak eta bertikalak jarriko dira.

Udalak azaldu du Masterreka kalean, azken urteetan, egindako obren zatirik handiena amaituta badago ere, hobekuntzak egiten jarraitzen dutela "bergararrentzako herri irisgarriago eta seguruago" bat lortzeko: "Obra hauekin oinezkoei pasabide seguru bat bermatuko diegu".

Abendurako amaituta

Construcciones Artzamendi ari da lanok garatzen –kontratuaren prezioa 39.229, 89 eurokoa da– eta Udaletik jakinarazi dutenez, "dena ondo bidean", Gabonetarako amaituta egongo dira eta trafikoan ez dute eraginik izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak