Bigarrenez antolatu du Sorabox taldeak boxeo gaua Bergarako udal pilotalekuan. Aurrekoa, iazko utzailean izan zen. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia, eta guztira hamar borrokaz osatutako gaua izango da –euli-pisutik pisu astunera bitarteko borrokak izango dira– . Hamar borroka horien artetik bi emakumezkoen borrokak izango dira; gainontzekoak, berriz, gizonezkoenak. Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ordezkariak elkartuko dira Bergaran, ikusleei boxeo gau ikusgarri bat eskaintzeko.
Ixa Rodriguez boxeo gaueko antolakuntzako kideak aitortu du antolakuntzaren hasierako ideia zela borroka bakoitza bi lurralde historikoren artekoa izatea: "Lortu nahi nuena zen pisu bakoitzeko borrokan Gipuzkoako ordezkari bat Nafarroako ordezkari baten aurka borrokatzea, baina oso zaila izan da hori lotzea; beraz, beste baterako utzi beharko dugu". Hala ere, "maila handiko gaua" izatea espero du Rodriguezek, batik bat, "borroka garrantzitsuak" izango direlako.
Bergarako ordezkaritza
Herriko udal pilotalekuan jokatuko den boxeo gauean ez da faltako herriko ordezkaririk. Ibon Muniategiandikoetxea –60 kg-tan borrokatuko da–, Andoni Kortabarria –76 kg-tan– eta Iosu Zalakain –75 kg-tan– etxean borrokatuko dira David Guerreroren (Napar Sustraiak taldeko kidea), Asier Andreuren eta Adrian Romeroren aurka, hurrenez hurren. Hiru boxeolariek diote "irrikan" daudela etxean jokatzeko eta "gogo handiz" ari direla igarotzen asteburua iritsi arteko egun guztiak. Badakite zale asko hurbilduko direla pilotalekura, eta horrek indarra ematen diela ere aitortu dute: "Oso berezia da etxean borrokatzea bertan izango direlako lankideak, lagunak eta familiako kideak, eta ziur gaude haien babesa sentituko dugula". Zalakainek gaineratu du, akaso, "presio puntu bat" ere sentitu dezaketela, baina borrokatzen hasitakoan "erraz" ahaztuko dituztela kontu horiek guztiak. Hala ere, hiru bergararrak ez dira izango bailarako ordezkari bakarrak, beste bi arrasatearrek ere borroka egingo baitute zapatuko boxeo gauean: Jalil Lamsallak –76 kg-tan– eta Yassine Bouchar –91 kg-tan– Daniel Zuzarrenen (Ipar Box-eko kidea) eta Aritz Rekaloren aurka borrokatuko dira, hain zuzen ere.
Oso harrera ona
Sarrerak aurrez salgai izan dira –15 euroren truke– pilotalekuko tabernan edo 676 86 69 22 telefono zenbakira deituta. Ikusleek ez dute denborarik galdu, eta dagoeneko 400 sarrera baino gehiago saldu dituzte antolatzaileek –egueneko datua da–. Hala ere, bihar bertan ere erosteko aukera izango da; 20 euroren truke, pilotalekuko tabernan. Bertan bizitzen den giroa ere nabarmendu nahi izan du Rodriguezek: "Jendea eguna iristeko irrikan egoten da; harmailak bete egiten dira, eta oso giro ona bizitzen dugu bertan. Bergaran asko bizitzen dugu boxeoa, eta Arrasaten ere bai, eta horrelako ekitaldiak antolatzen ditugunean jendeak sekulako giroa sortzen du ringaren inguruan". Horrez gain, antolatzaileak gehitu du Soraboxek antolatutako boxeo jaialdiek "hauspoa" ematen diotela taldeari: "Horrelako jaialdiak antolatzen ditugunean jende asko etortzen da ikustera, eta horietako askok ez dute inoiz boxeoa probatu. Beraz, gu izan gaitezke haiei kirol honetan hasteko aukera emateko bidea, eta hori guretzat ere aberasgarria da".
Aurretik, pisaketa
Edozein boxeo jaialdiren aurretik gertatzen den bezala, boxeolariek pisaketa saioa izango dute. Bergarako jaialdiko boxeolarien pisaketak egunean bertan egingo dira, 16:00etan hasita, Etxagi tabernako terrazan, Bergaran. Saio horretan, boxeolari bakoitzak haren borrokarako ezarritako pisu bera edo txikiagoa eman beharko du borrokan parte hartu ahal izateko.