Zaintzarako eta etxeko langileendako aholkularitza zerbitzua aurkeztu du Bergarako Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 27a, 12:43

Zaintzarako eta etxeko langileendako aholkularitza zerbitzuaren aurkezpena. (Argazkia: Bergarako Udala).

Zaintza arloan etxeetan lan egiten dutenei nahiz horiek kontratatzen dituztenei bideratutako aholkularitza zerbitzua izango da Bergarako Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean martxan jarriko duena. Hamabostean behin eskainiko da azaroaren 15etik aurrera Ehunduren lokalean eta aurrez hitzordua eskatu beharko da BAZen.

Aste honetan egin dute zerbitzuaren aurkezpena Ainhoa Lete Bergarako Udaleko ordezkariak eta herriko eragile ezberdinetako ordezkariek. Udaletik azaldu dutenez, etxeko langileen lan-esparruaren harira, zalantzak eta galderak sortzen dira herritarren artean eta langilek orientazio juridikoa behar izaten dute euren lan-arloko eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren ezagutzeko. Era berean, adierazi dute etxeko-langilea kontratatu nahi duten herritarrek ere zalantzak izaten dituztela izapideak modu zuzenean egiteko.

Leteren hitzetan, zaintza lanak "askotan", justizia sozialetik kanpo gelditzen den errealitatean gertatzen dira: "Batetik, lan hauen banaketa, lan ordaindu eta ez-ordainduetan, erabat desorekatua delako genero, klase, arraza, jatorri eta adinaren araberako arrakaletan oinarrituta; gainera, lan hauen aitortza sozial, politiko eta ekonomiko urria dela eta, lan hauek egiten dituzten pertsonen bizitzetan prekarizazioa dakarrelako".

Horregatik, zerbitzu honen bitartez etxeko langileei euren eskubideei buruzko eta betebeharrei informazioa emago zaie. Kontratatzaileei, berriz, euren betebeharren informazioa eman –kontratuak nola egin edota administrazioaren aurrean dituzten obligazioak zeintzuk diren argitu– nahiz langileen eskubideen azalpenak emango zaizkie.

Zerbitzua hamabostean behin

Azaroaren 15ean jarriko da martxan zerbitzua eta hamabostean behin eskainiko da; Ehunduk Mazpildi kalea 2 zenbakian duen lokalean. Zerbitzua erabiltzeko hitzordua aurrez eskatu beharko da BAZen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak