Hurrengo geltokia, Antxintxika krosean

Xabier Urtzelai 2023ko urr. 27a, 15:35

Alfonso Lopez, Joseba Azkarate eta Iñaki Igartua, 15k lasterketan.

Joseba Azkaratek, Iñaki Igartuak eta Alfonso Lopezek erronkaz betetako hilabetea izan dute, Galdakaoko duatloia eta Donostiako 15k lasterketak egin dituztelako. Hurrengo hitzordua berezia izango da, etxean lehiatuko direlako.

Antxintxika taldeak gertu du azaroaren 4an egingo duten Antxintxika krosaren 17. edizioa, eta kirol egokituko saileko ordezkari Joseba Azkarate, Iñaki Igartua eta Alfonso Lopez gertu daude etxeko hitzordurako. Hala, hiru mosketariek urria betea izan dute, Galdakaoko duatloian eta Donostiako 15k lasterketetan esku hartu dutelako, eta bi astez atseden hartu eta gero, datorren asteburuan Soraluzeko irteera puntuan izango dira. "Urriaren 15ean Galdakaoko duatloi inklusiboan parte hartzeko aukera izan genuen. Lehen aldiz antolatzen zuten proba hori, eta bertan Antxintxikako kirol egokituko saileko ordezkariek gaitasun desberdinetako kirolariekin parte hartu zuten. Eta gure klubeko fenomeno hauek beste behin erakutsi zuten kirola guztiondako dela", adierazi du Aitor Rementeriak.

Eta zapatuan, Donostiako kaleetan batu ziren bi mila atletekin batera lehiatu ziren Antxintxikakoak, 15k lasterketan. "Goiz ederra pasatzeko aukera izan zuten. Bakoitza erronka propioarekin aurkeztu zen irteera puntura, eta hirurek bete zituzten helburuak. Talde bezala ere irudi ederra eman genuen".

Hurrengoa, etxean

Azkaratek, Igartuak eta Lopezek gertu dute hurrengo hitzordua, ohi moduan, azaroaren 4an egingo duten Antxintxika krosa kirol egokitukoek hasiko dutelako, eta Soraluzeko irteera puntuan izango dira hirurak, hamar kilometroak egiteko gertu. "Orain atseden apur bat hartzea tokatzen da, Soraluze eta Bergara arteko etxeko lasterketa berezia prestatzeko". Azaroaren 4ko lasterketara begira, ordutegien aldetik dago aparteko nobedaderik. 16:30ean handbikekoek eta gurpildun aulkikoek hasiko dute lasterketa; 16:45ean, patinatzaileak irtengo dira; eta 17:00etan, korrikalariak. Aurten ere Mikel Crespo eta Oliver Hernandez gogoan izango dituzte.

Izen-ematea, azaroaren 3ra arte

Azaroaren 4an egingo duten Antxintxika krosaren izenematea martxa onean doa, dagoeneko 250 lagunek eman dute-eta izena Kirolprobak.com webgunean. Azaroaren 3a da, lasterketa bezpera, izena emateko azken eguna – lasterketa egunean ezingo da izena eman–. Hala, lasterketan parte hartzeko 16 euro ordaindu behar dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak