Gau Beltzari lotutako jarduerak egingo dituzte Bergaran hilaren 31ra bitartean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 23a, 12:20

LH3 eta LH6 artekoentzako Misterio jolasak tailerra, iaz. (Argazkia: Irati Alberdi)

Domu Santu Eguna hurbiltzen ari da, baina dagoeneko nabari da Gau Beltzaren usaina Bergaran. Egubakoitzean hasi ziren jarduerekin eta datozen egunetan jarraipena izango dute. Urriaren 31rako, Domu Santu bezpera, egitarau zabalagoa prestatu dute Bergarako Udalak, Jardun Euskara Elkarteak, Ugutz Toursek eta Bergarako Musika Eskolak. Herri erdigunera bakarrik ez, Gau Beltza Osintxura edota Angiozarrera ere iritsiko da.

Urriaren 20an hasi ziren AIDAU haurren zerbitzuan LH3tik 6ra bitarteko gaztetxoei zuzendutako misterio jolasekin eta eguaztenean errepikatu egingo dute jolasa. Jardunetik azaldu dutenez gazte asko animatzen da jarduera horretara eta horregatik egun bakoitzean bina txanda antolatu dituzte. Hurrengo hitzordua eguaztenean izango da: lehen txanda, 17:15etik 18:15era bitartean, eta bigarrena, berriz, 18:30etik 19:30era.

Urriaren 27an eta 28an, berriz, Jardunek familiei zuzenduriko tailerrak antolatu ditu. Aurreratu dutenez, aurpegi margoketak, mozorroak egiteko tailerra edota kalabaza hustuketa bezalako ekintzetan hartu ahal izango dute parte haur nahiz helduek. Gainera, Gau Beltzarekin lotutako Oka jolasean aritzeko gune bat jarriko dutela ere azaldu dute euskara elkartetik.

Ekintza gehiago, hilaren 31n

Egunik potenteena urriaren 31 izango da, Domu Santu bezpera, eta, 17:00etatik aurrera, herriko saltokietan karameluak emango zaizkie Xanguli manduli, kikirrikii, eman goxokiak guri esaldia esaten dutenei. Ondoren, 18:15ean, Musika Eskolako talde instrumentala eta abesbatxak kontzertua eskainiko dute eta gero, txokolatada egingo dute plazan. Aurten ere, Deabru Beltzak taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da; oraingo honetan, Su á feu. 20:30ean izango da San Martin plazan.

Azken urteetan, egun honetan hutsik egiten ez duena Bautista Leprosua izaten da, eta aurten ere bisita gidatua egin ahal izango da berarekin. 21:30ean izango da euskaraz, eta 23:00etan gazteleraz. Doakoa da, baina plazak mugatuak dira. Hortaz, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute ugutztours@gmail.com helbide elektronikora idatzita, edo 695 75 34 30 telefono zenbakira deituta.

Jardunek herritarrak kalera mozorrotuta ateratzera animatu ditu, egun hauetako ekimena borobiltze aldera.

Gau beltza Angiozarren eta Osintxun

Angiozarko nahiz Osintxuko ludoteketan ere egingo dituzte aurpegi margoketak, mozorroak egitekot tailerrak, kalabaza hustuketak nahiz bestelako ekintzak. Horietako bat da, bihar, hilak 24, 17:30ean Osintxuko liburutegian egingo duten ipuin-kontaketa. Euskara elkarteak nabarmendu du ipuin-kontaketa herritar orori zuzendutakoa dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak