Euskal Herriko dantza sueltoko sari nagusia, hirugarrenez, Bergarara

Miren Arregi Amasorrain 2023ko urr. 22a, 14:00

Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok irabazi dute 47. Euskal Herriko dantza suelto txapelketa. Seguran (Gipuzkoa) jokatu zen txapelketako finala, atzo arratsaldean, eta "gustura" gelditu dira eginiko lanarekin.

Zazpi aldiz aurkeztu dira Segurako txapelketara, eta azken bost urtean, hiru garaipen eskuratu dituzte bi dantzariek. "Euskal Herriko txapelketa bat hiru aldiz irabaztea bost urtean ez da lan makala, eta gustura gaude", adierazi du Julen Murgiondok. Haren arabera, atzo arratsaldean ere "gustura" gelditu ziren eginiko lanarekin, eta are gusturago saria irabaztearekin. Saioa Galarragak, berriz, gaineratu du helburu zutela "gustura" gelditzea eginiko lanarekin, hasi bezala bukatzea, eta atzo "asko gozatzeko" aukera izan zutela. "Ondo eta pozik gaude irabazi izanarengatik, baina batez ere saioa borobila izan zelako".

Hain justu, Aitor Ruiz de Eginok eginiko eskultura bat jaso zuten sari nagusitzat, baina Murgiondok adierazi duenez, ez da euren eskuetan geldituko. "Eskulturak izan ohi dira sariak, eta irabaziz gero, ordezkatzen den herriko udalean gelditzen da urte osoan zehar; bost urtean hiru aldiz irabaziz gero, ordea, betirako gelditzen da udaletxean". Orain ere horrela izango da, beraz.

Deskantsurako ordua

Dagoeneko hamar urte dira elkarrekin dantza egiten dutela bi bergararrek, eta Murgiondok nabarmendu du "sekulako tratua" dutela. Gainera, txikitatik ezagutzen dute elkar, batera aritu zirelako Moises Azpiazu dantza taldean. Hala ere, etorkizunari dagokionez, ez dute argi zer egingo duten. "Orain, gutxienez, maiatza-ekaina ingurura arte, lasaitasuna dugu txapelketei dagokienez. Deskonektatu eta deskantsatu ostean ikusiko dugu noiz jarriko ditugun motorrak martxan berriro ere", azpimarratu du Galarragak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak