Iraganera itzuliko dira Kartzela zaharreko zuzenekoan, Iñaki Jauregi 'Canse' omentzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urr. 12a, 13:01

Ezkerrean, Fucking What 1992an; Gorka Bolibar, Mikel Etxeberria, Asier Elorza eta Iñigo Gallastegi 'Poti'. Eskuinean, Fucking What modu berean erretratatuta 2023an. Argazkia: Berrigara / Fucking What.

2019ko irailean hil zen Iñaki Jauregi Canse gogoratzeko kontzertu berezia emango dute Nightrains, Fucking What eta Debeku taldeek urriaren 27an Kartzela zaharrean (22:00); hiru taldeetako kide banarekin egon da GOIENA omenaldiaren berri emateko.

Minbiziak jota 2019ko irailaren 14an hil zen Iñaki Jauregi Canse-ren omenezko kontzertua antolatu dute haren lagunek urriaren 27rako, Kartzela zaharrean (22:00). Nightrains –bertako kide zen Canse–, Fucking What eta Debeku taldeek joko dute, ordena horretan, eta sarrera doakoa izango da.

Ibon Larrañaga: "Oso lotsatia zen"

Nightrains taldeko abeslaria zen Canse, eta haren taldekide eta lagun Ibon Larrañagak dio oso berezia izango dela urriaren 27ko omenaldia: "Oso erraza izan zen Canse maitatzea. Ez zuen liskarrik izan inorekin; aztertu beharko litzateke zergatik gertatzen zen hori, baina esanguratsua da. Oso lotsatia zen, nahiz eta taldeko abeslaria izan; askotan gertatzen da hori, lotsak kanporatzeko musika edo beste edozein arte diziplina izatea kanala".

Entseguak "oso txarto" doazela dio Larrañagak, umoretsu: "Pantera, AC/DC edo Metallica-ren bertsioak joko ditugu, baina helburua ez da izango ondo jotzea. Lagun artean ondo pasatzea izango da helburua, eta Canse gogoan hunkitu egingo gara". Hasierako taldekideez gain, lagun asko pasatuko dira oholtzatik; besteak beste, Oihan Vega, Gille Sanz, Oskar Ortiz edo Mikel Alvarez.

Iñigo Gallastegi Poti: "Sekulako bihotza zuen"

Fucking What taldeko bateria-jole Iñigo Gallastegi Poti-k urte batzuk daroatza Londresen bizi izaten, eta honela gogoratzen du bere laguna: "Sekulako bihotza zuen, oso jatorra zen. Beti irribarre batekin. Ni bezala, Euskal Herria laga eta urte asko egin zituen Bergaratik kanpo; azken urteak Ingalaterran egin zituen, hotel batean lanean eta bizi izaten. Bere gurasoak bata bestearen atzetik galdu zituen eta gutxira gaixotu zen; di-da batean hil zen. Nire lagun onenetarikoa bihurtu zen Ingalaterran".

Iñaki Jauregi Canseco, Canse.

Hain zuzen ere, Fucking What taldearen kontzertua izango da urriaren 27ko omenaldiko pizgarri nagusia, ia 25 urteren ostean zuzeneko bat emateko elkartuko direlako Canse-ren omenez. 1990eko hamarkadaren hasieran sortu zen taldea eta 1999ko otsailaren 6an eman zuten azken kontzertua Jam aretoan –gaur egun Plenoil markako gasolindegi bat dagoen lekuan–, Baron Rojo talde ezagunaren aurretik.

Fucking What taldearen azken kontzertua 1999ko otsailaren 6an izan zen, Jam aretoan

Poti Bergaran izan da asteburuan, aspaldiko taldekideekin entseatzeko: "Musika munduan ibilbide txikia egin zuen Canse-k eta Nightrains-eko bere taldekideek omenaldi bat egin nahi zioten; zerbait oso xumea, taberna baten-edo. Orduan pandemia heldu zen eta plan hori ez zen gauzatu.

Bestalde, Fucking What taldekook ari ginen aspaldiko garaiak gogoratzeko kontzertu bat egin nahian eta gure taldekide Mikel [Etxeberria] Canse-ren taldekoa ere izan zenez, bi proiektuak bateratzea erabaki genuen. Horrez gain, Debeku taldeko Asier Lenisoro Leni ere bazen Canse-ren laguna eta Debeku taldekoek gure Amesgaiztoak abestiaren bertsio bat egin izan dutenez hiru taldez osatutako omenaldia egitea erabaki genuen".

Asier Lenisoro Leni: "Beti zegoen pozik"

Izan ere, Debekuko Leni aritu da buru-belarri omenaldia antolatzen. "Sekulako tipoa zen, beti zegoen pozik. Canse beti izango dut gogoan. Akordatzen naiz hil baino hilabete lehenago-edo afari bat egin genuela Gorlako elkartean, eta gero ez nintzen gehiago berarekin egon". Debekuk Ohartu gara diskoko abestiak joko ditu zuzenean, baina baita Fucking What taldearen Amesgaiztoak bertsioa eta beste bertsio batzuk ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak