Zaintza-eskubidearen bueltako hainbat aldarrikapen egin dituzte Bergarako erretiratu eta pentsiodunek

Txomin Madina Milikua 2023ko urr. 2a, 16:37

Atzo izan zen Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen bat irakurri dute gaur eguerdian Bergaran egindako ekitaldian San Joxepe eta Duintasuna elkarteko kideek. Hainbat abesti ere kantatu dituzte bertan bildutakoek, eta mokadutxoa egiteko aukera ere izan dute.

San Joxepe  elkarteko presidente Nestor Inurrieta eta Duintasunako kide Maite Guridi  izan dira Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta Bergaran gaur eguerdian egindako ekitaldiari hasiera eman dion adierazpena irakurri dutenak.

Hala, nabarmendu dute %24 baino gehiago direla Bergaran 60 urtetik gora dituzten herritarrak, eta gaineratu, azken urtean "larriagotu" egin dela  adinekoentzako arreta. Zentzu horretan., Osakidetzaren eskaintzan "atzerakada" egon dela adierazi eta osasun "publikoa eta kalitatezkoa" eskatu dute, baita zerbitzu soziosanitario eta publiko "onak" ere. Egungo gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko eta pobreziaren eta genero arrakalaren aurkako politika "eraginkorrak" ere eskatu dizkiete Estatuko eta autonomia erkidegoetako erakundeei.

Zaintzaren bueltako aldarrikapenak

Aurten baina, zaintzaren gaiari begira nahi izan diote bereziki, eta pertsona guztien eskubidea dela argudiatuta, hainbat eskubide aldarrikatu dituzte: beharra duten pertsonen autonomia bermatuko duen kalitatezko zaintza zerbitzua; etxeko zaintza profesionalizatuak, integralak eta kudeaketa publikokoak; zaintzaren kalitatea bermatuko duten egoitzak, eguneko zentroak eta bestelakok; hurbileko zerbitzuak familien eta erabiltzaileen parte-hartzearekin; eta gizonen eta emakumeen erantzunkidetasuna zaintza-lanetan.

Era berean, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna egun bakar batean ez geratzea aldarrikatu dute: "Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak denbora guztian kontuan har dezatela nahi dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak