Asfaltatze lanak egingo dituzte Bergarako lau gunetan

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 28a, 10:45

Saihesbiderako zubia izango da asfaltatuko duten eremuetako bat. (Argazkia: Bergarako Udala)

Datozen egunetan hasiko dira lanak "behar handiena" duten herri barruko lau gunetan. Hori dela eta, urriaren 2an, 3an eta 4an Ibargaraiko aparkalekuko sarbidea itxita egongo da.

Udalak asfaltatze lanei ekingo die herriko lau puntutan: Agirrebeña; ertzain-etxearen atzealdeko bidegorrian; Ibargaraiko aparkaleku publikoko sarreran; eta saihesbideko sarrera inguruan (zubia, bidegurutzea eta Ibargaraiko sarrera). 157.024 euroko inbertsioa egin duela lan horietarako adierazi dute Udaletik.

Lau gune

Batetik, Agirrebeñako eremua dago, Udalaren obrako materiala biltegiratzeko kanpoaldea eta 1.500 metro koadro inguru ditu. Asfaltatu gabe dago eta bertan egingo dituzte lanak.

Bestetik, Bidegorriaren trazaduraren zatia berrituko da, egoera txarrean dagoelako. Ertzain-etxearen atzealdean dago hori eta 170 metro koadro inguruko azalera du.

Ibargarai kaleko aparkaleku publikorako sarrera ere berritu egingo dute. Harrizko galtzada egoera txarrean dago, ur istilak sortzen dituzten kokalekuak dituelako. Horrez gain, aparkalekuaren sarrerarako zeharkatzen diren baldosazko zoladura-eremuak ere ez daude egoera onean.

Azkenik, ertzain-etxearen ondotik saihesbiderako eremua, 1.900 metro koadroko azalera duena, ere berrituko dute egoera txarrean dagoelako –zubia, bidegurutzea eta Ibargarai kalerako sarrera–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak