Gizonezko bat atxilotu dute Bergaran, bi langile eskopeta batekin mehatxatzeagatik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ira. 27a, 18:06

Ertzaintzak 62 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Bergaran mehatxu-delitua leporatuta, linea elektriko baten mantenu-lanetan ari ziren argindar-konpainia bateko bi langile eskopeta batekin beldurtzeagatik. Atxilotu eta Ertzain-etxean tramite guztiak egin ostean, Bergarako epaitegira eraman zuten atxilotua.

Ertzaintzaren arabera, atzo goizean konpainia elektriko bateko langileak Bergarako landa-eremu baten kokatu dagoen linea elektriko bat mantentzeko lanetan ari ziren eta 09:30ak aldera gizon bat hurbildu zitzaien, eta alde egiteko eskatu zien, bere lurretan zeudela argudiatuta. Langileek lanean jarraitu zuten beharrezko baimenak zituztela esanez, baina handik minutu gutxira, pertsona hori bi eskopetarekin itzuli zen: bata sorbaldan zintzilik, eta bestea eskuan. Bi langile mehatxatu zituen, handik alde egiten ez bazuten tiro egingo zietela esanez.

Horren aurrean, langileek atzera egin eta Ertzaintzari deitu zioten. Ertzaintzako agenteak bertaratu zirenean antzeman zuten pertsona bat sastraka artean makurtzen ari zela eta arma luze bat zuela. Hori dela eta, arma uzteko eta bertatik ateratzeko esan zioten, baina hasieran uko egin zuen.

Ertzaintzak azaldu duenez, pertsona horrekin minutu batzuetan hitz egin ondoren, lortu zuten pertsona horrek arma lurrean uztea eta bere jarrera lasaitzea, Ertzaintzak horrelako jardueretarako izan ohi dituen baliabide espezializatuak aktibatzeko beharrik gabe. Patruilak pertsona horren bi ehiza-armak eta eskopeta horientzako kartutxoak zituen kanana bat eraman zituen.

Esandako moduan, ertzainek pertsona hori atxilotu egin zuten su-armaz mehatxatzea egotzita. Ondoren, Deba Urolako ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko eginbideei ekiteko. Atzo, martitzena, arratsaldean, izapideak amaitu ondoren, atxilotua Bergarako epaitegira eraman zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak