Dozenaka herritar batu dira gaur eguerdian San Migel elizaren arkupean, Mila Elortza alkate izendatzeko ekitaldian. Bergarako eta Elgetako udal ordezkariak ere gonbidatuta zeuden, eta han izan dira Ibon Unzetabarrenetxea Elgetako alkatea, Ainhoa Lete Bergarako alkateordea eta Markel Azkargorta EH Bilduko zinegotzia. Gure arbasoen oroigarria adierazpena irakurri dute lehendabizi, eta, ostean, Angiozar Bailarako Batzarraren eratze aktaren irakurketa egin dute. Ondoren, makila, zigilua eta herriko dokumentuak eman dizkiote alkateari.
Elortzak eskerrak emanez hasi du hitzartzea. Haren arabera, "erronka handiak" ditu Angiozarrek bere etorkizuna ziurtatzeko, baina uste du geroa "sendoa" duela. "Ea badakigun barneratzen lehengoen jakinduria eta hurrengoei zabaltzen". Horrez gain, azpimarratu du auzo bakoitzak bere ordezkariak dituela, eta, beraz, herritarrei dei egin die eurengana gerturatu eta dituzten beharrak azaltzera. "Denon artean erronka horiei aurre egiteko talde sendoa behar da, jakinduria; denok osatzen dugu Angiozar bailarako herri batzarra".
Mendozari gonbidapena
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia ere gonbidatuta zegoen ekitaldira, baina azaldu dutenez, beste konpromiso bat zela-eta, ezin izan da agertu. Dena den, aurreratu dute bisita egiteko promesa egin duela, "herria ezagutzeko asmoz".