Punta-puntako saskibaloia ikusteko aukera izan zuten bergararrek, atzo, Labegaraieta kiroldegian. Gipuzkoa Basketek eta Iraurgik ez zioten hutsik egin saskibaloi ekitaldiari, eta puntu askoko partidua eskaini zuten. Lehenengo zatia oso parekatua izan zen, eta puntu gutxiko aldearekin iritsi zen aurretik atsedenaldira Guuk Gipuzkoa Basket. Atsedenaldiaren ostean baina, eta entrenatzailearen aginduak jarraituta, Mikel Odriozolaren mutilek defentsan estutu eta erasoko saskiraketen portzentajeak igo zituzten. Horrela lortu zuten, behingoz, markagailuko tartea handitzea eta, arazo askorik gabe, kopa Donostiara eramatea.
Herriarentzat eskaintza
Borja Elkoroberecibarrek, Bergarako saskibaloi saileko lehendakariak, adierazi zuen izugarria dela "maila honetako saskibaloia herrira ekartzea". Aurten Bergarako saskibaloi taldeak Euskadiko ligan jokatuko du, eta horrek "federazioarekin harremanak estutu ditu". Hori dela eta adostu zuten Euskal Kopako finala Bergarara ekartzea. Horretaz gain, lehendakariak adierazi zuen "neguan beste txapelketa bat antolatzeko" lanean dihardutela dagoeneko.