Datorren asteko eguenean, hilaren 28an, izango du tokia Jolasa Plazara ekimenak Bergarako plazan. Arratsaldeko 17:00etan hasi eta 20:00ak bitartean ekintza ezberdinez gozatzeko aukera izango da San Martin plazan. Antolatzaileek diote ekimenaren helburua dela "modu formal batean Herri Hezitzailea aurkeztea, beraien balio eta asmoak plazaratuz". Horretarako, plaza jolasleku bilakatu dute "haurraren parte hartzea eta jolasaren aldarria" sustatzeko. Gainera, diote herriko eragileak izango direla ardatz: "Asmo eta eragin hezitzailedun eragileak parte hartuko dute eta beraien presentzia izango dute".
Herriko plazan gune ezberdinak egongo dira: sormen gunea, esperimentazio gunea edota aldarri gunea, esaterako, eta gune hauen guztien gidaritzapean Jardun elkartea egongo da. Zuzeneko irratsaioa ere egongo da eta, bertan, Txapa Irratiko kideek "herriko eragile ezberdinen lan hezitzailea balioan jarri eta herri proiektu komun baterako bidearen lehen urratsa" marraztuko dute.
Arratsalde osoan zehar gonbidatu berezi bat egongo da San Martin Plazan: Porrotx. Ekimenarekin amaitzeko, kalejira bat egingo dute plazan hasi eta Errekalde parkeraino.