Jose Miguel Arranz erandioarrak irabazi du 48. Simon Arrieta Pintura Lehiaketa

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 17a, 16:26

22 lagunek hartu dute parte aurtengo edizioan eta Beart Elkartea nahiz Udala gustura agertu dira parte-hartze kopuruarekin; izan ere, beste zenbait herritan ere pintura lehiaketak zeuden, eta eskerrak eman dizkiete Bergara aukeratzeagatik. Lehen hiru sariak Bizkaia eta Arabara joan dira, eta lehenengo bergararraren saria Maite Azkargortarentzat izan da.

Iaz baino margolari gehiagok hartu dute parte 48. Simon Arrieta Pintura Lehiaketan, denera 22, eta bertako artistez gain, Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik edota Burgostik etorri dira. Aurtengo lehiaketak bi berezitasun izan ditu: alde batetik, margotzeko eremua mugatu zaie artistei, eta bestetik, hirugarren saria eman dute. Beart Elkarteak antolatu du eta bertako presidente den Xabier Agirrek adierazi du Udalaren ideia izan zela lekua zehaztea: "Aurten erabaki da. Udaletxearen ideia izan da, nolabait, ikuskizun hau ahalik eta errazen jartzea herriak goza dezan. Erdigunera mugatu dugu eta horrek erraztu du. Jendea astotik astora ibili da lanak ikusten eta koadro baten eboluzioa nolakoa izan den ikusten. Uste dut polita izan dela".

Hirugarren saria jartzearena ere ondo ikusi du Bearteko presidenteak, izan ere, zailtasunak izaten dituzte irabazleak aukeratzerako orduan, askotan, antzerako maila eta kalitatea izaten baitute lanek.

Sarituen zerrenda

Honako hauek izan dira sarituak:

  1. saria: Jose Miguel Arranz (Erandio) - 800 euro
  2. saria: Fernando Ureta (Artziniega) - 600 euro
  3. saria: Karlos Espiga (Bilbo) - 400 euro
  • Lehenengo bergararra: Maite Azkargorta - 250 euro

Irabazlearen aukeraketa

Agirrek azaldu du teknikari erreparatuz, olioa izan dela nagusi, baina akuarela, akrilikoak edota konbinaketak ere erabili dituztela. Jose Miguel Arranz izan da irabazlea eta hark akrilikoa erabili du Untzeta Jauregiko balkoia eta inguruak marrazteko. Aitortu du etxetik pentsatuta etorri dela zer margotu: "Lehiaketa azkarra denez, etxetik ekarri dut ideia. Batzuetan, bestela, oso zaila egiten da. Bergararrek asko ezagutzen duten lekua marraztu dut; zaharberritu duten balkoi bat, asko gustatu zait".

Irabazleari bere lana zergatik aukeratu duten galdetuta aurreratu du lan onak zuedela, baina agian, konposizioa edota gaia baloratu dutela. Gustura agertu da.

Lehiaketako lehen saria eskuratu duen lana. (Jose Miguel Arranz).

Artelanak, Pleno Aretoan ikusgai

Lehiaketa honetan parte hartu duten lanekin erakusketa bat jarriko dute Udaletxeko Pleno Aretoan irailaren 21etik urriaren 1era bitartean (biak barne), honako ordutegian: martitzenetik egubakoitzera, 18:30-20:30; zapatuan, 13:00-14:30 eta 18:30-20:30, eta domekan, 13:00-14:30.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak