Oso pozik gelditu ziren Bergarako jokalariak zein entrenatzailea atzo egindakoarekin "emaitza labur" gelditu bazen ere. Iker Ruiz de Larramendi entrenatzaileak badu pena bat eta da gol gehiago egiten asmatu ez izana. "Defentsan oso ondo ibili ginen eta erasoan ere fenomeno. Gertatzen dena da atean ez genuela asmatu. Hala ere, oso sentsazio onak utzi zizkigun partiduak", azaldu du.
Nabarmendu du, denboraldi hasiera onarekin, bide beretik jarraitzea dela orain helburua. "Iaz hasiera txarra izan genuen eta gero hori igarri egiten da denboraldi osoan zehar. Aurten, hasiera onarekin, mantentzea da asmoa".