Musika eskaintza zabala Bergarako plazan eta txosnagunean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 14a, 12:00

Lizartxo erromeria talde oñatiarra. (Argazkia: Lizartxo taldea).

Plazan, esaterako, Joselu Anaiak eta Puro Relajo taldeak arituko dira, eta Munibe plazako txosnetan, berriz, estilo ezberdinetako taldeak igoko dira oholtzara; hilaren 16an Musika Bandak, sanmartinetako kontzertua eskainiko du herriko plazan.

Urtero bezala, ez da musikarik faltako San Martin plazan eta Xaxauren txosnagunean irailaren 15etik 17ra bitartean. Azken urteetan ez dute hutsik egin eta aurten ere San Martin plazan izango den Joselu Anaiak taldearen erromeriak girotuko du San Martin Agirre bezperako gaua, San Martinen gurutziltzaketaren errepresentazioaren ostean, 00:15ean hasita.

Puro Relajoren txanda, berriz, hilaren 17an izango da eta arratsaldeko zortzietatik aurrera gozatu ahal izango dute herriko plazara bertaratzen direnek talde nafarraren rantxerez.

Musika txosnagunean

Xaxau Jai Herrikoien Konpartsak Munibe plazan jarriko duen txosnagunerako egitarau propioa osatu du, ohi modura. Taldeen artean presentzia nabarmena dute herrikoek eta konpartsako kide den Andrea Gonzalezek azpimarratu du saiatzen direla "lehendabizi" bergararrei aukera bat ematen eta estilo ezberdinetakoak izaten: "Inguruko herrietatik ere tiratzen dugu. Beste herrietara joaten garenean gutaz ere gogoratzen baitira".

Hortaz, K-PO eta Blind talde bergararren rap-trap doinuak izango dira entzungai irailaren 15ean, 20:00etan. Joselu Anaiaken kontzertuaren ostean, 02:00ak aldera, Bergarako hiru emakumek, DJ hirukiak, jarriko dute musika. "Ez dugu gehiago luzatu nahi izan, ze hurrengo egunean Txomingero bazkaria antolatu dugu txosnetan", dio.

San Martin Agirre gauean, hiru kontzertu izango dira txos- netan gaueko hamaiketatik aurrera. Laino Beltzak izango da lehena oholtzara igotzen: "Bergarakoak dira eta oso gazteak. Punk-rocka da euren estiloa eta oso ondo jotzen dute". Ondoren, Mirua hirukote tolosarrak pop eta elektronika fusioak musikatuko ditu, eta azkenik Lizartxo erromeria taldea etorriko da Oñatitik: "Iaz oso ondo pasatu genuen eta urteroko hitzordua hasi da bihurtzen".

Musika Bandaren kontzertua

Danborradan nahiz errepresentazioan parte hartzen du Musika Bandak eta hilaren 16an, 11:30ean, kalejira egingo du. Ondoren, ohiko kontzertua eskainiko du 12:30ean plazan –euriarekin, pilotalekuan–. Denera bost pieza joko dituzte eta Enrike Txurruka zuzendariarentzat badu zerbait "berezia" emanaldiak: "Berezia da plazan delako eta jotzen ditugun obrengatik. Esaterako, M. Glz. Bastidaren San Martin, maila altuko musika eta herriko altxor bat. Obrak maisuki islatzen ditu jai eguneko pasarteak. Edota Miguel beraren Nagasaki 1597, santuaren martirioa islatzen duen balleta, ekialdeko doinu eta herrikoiak nahastuz, 1963an Japoniako en- baxadoreak Bergarara egin zuen bisitarako idatzia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak