Danborrak eta barrikak jotzen, 700 lagundik gora

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 13a, 17:00

Helduen danborradako entseguaren une bat, irailaren 6an. (Argazkia: Eneko Azkarate).

27 taldek astinduko dituzte makilak hilaren 15 gauean egingo den helduen danborradan eta horietatik bederatzi dira berriak; haurren danborrada, berriz, hurrengo egunean izango da eta 300 ikasle inguruk parte hartzea aurreikusten dute.

Sanmartinetako ekitaldi nagusienetako bat izaten da danborrada eta urtetik urtera geroz eta indar gehiago ari da hartzen tradizioz betetako gau hau. Izan ere, aurten 27 taldek astinduko dituzte danborrak eta barrikak Bergarako kaleetan zehar hilaren 15ean udal biltegitik 22:30ean abiatuta egingo den helduen danborradan. Bergarako Udaleko parte-hartze teknikaria den Nagore Narbaizak aurreratu du denera 720 danbor eta barrika-jole aterako direla, baina horiei San Martinen gurutziltzaketaren errepresentazioko partaideak –45 inguru– eta musika bandako kideak gehitu behar zaizkiela: "Denera 800 lagunen bueltan izango dira". San Martin martxa da urtero errepikatzen den martxa bakarra; gainontzekoak urtez urte aldatu egiten dituzte eta Narbaizak jakinarazi du beste hirurak Pertxa, Lasai Toki eta Campeones izango direla.

Danbor eta barrikez gain, aurten ere egingo dute San Martin Japonian erail zuten unearen interpretazioa. San Martin plazan izango da 23:30ean hasita, musika bandak lagunduta.

Geroz eta gehiago

Duela urte batzuk danborrada "gainbeheran" zegoela adierazi du Narbaizak, baina orain egoera alderantzizkoa dela. Bederatzi talde berri animatu dira aurten: 2004ko neskak, Bolu auzoko jentie, Riders, Goretxi poteo, HPTkuak, Ortzadar, MM, Santxi eta Txipiriflautiak. Gustura agertu da teknikaria parte-hartzearekin eta balorazio positiboa egin du materiala inguratzeko zailtasunak izan badituzte ere: "Mutur batetik bestera pasa gara. Ez dakigu horrela mantenduko den edo zer gertatuko den. Gainera, sar- tzen diren berri gehienak gazteak dira. Pentsa, 700 danbor eta barrika jotzaile. Jende asko da eta zailtasunak izan ditugu danborrak eta barrikak lortzeko. Zentzu horretan oso pozik gaude eta positiboki baloratzen dugu, baina egia da bolumen handia hartu duela".

Haurren txanda, hilaren 16an

Zapatuko haurren danborradan, herriko ikastetxeetako 300 bat ikaslek parte hartzea aurreikusten du Narbaizak. Hauek ere San Martinen hilketaren errepresentazioa egiten dute eta urtero rolak txandakatzen dituzte. "Aurten, adibidez, Aranzadi Ikastolak japoniar danbor-joleak eramango ditu, San Martin Herri Eskolak japoniar gudariak eta Mariaren Lagundiak barrika-joleak nahiz errepresentazioko figuranteak". San Martin eta Pertxa martxak joko dituzte. Haurren danborrada hilaren 16an izango da, 18:30ean udal biltegian hasita. Plazan amaituko da eta bukaeran, txokolatea banatuko dute parte-hartzaileen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak