Sanmartinetan ekintzaren bat usadio bada, hori feria da, eta iazko ereduari jarraituz, aurten ere fruta eta barazki lehiaketan izena eman duten bost postuak eta gazta postuak jarriko dituzte San Martin plazan eta beste 27 salmenta mahai era guztietako produktuekin Seminarixoko patioan 09:30etik aurrera. Salmahai horiez gain, ohi modura, herriko Imaz, Leturia eta Urzelai harakinen odolosteak egongo dira salgai eta Jardun Euskara Elkarteak kudeatuko du plazako postu hori.
Azokako lehiaketak
Azoka bai, baina lehiaketa ere bada protagonista. Fruta eta barazki lehiaketako oinarrietan jasota dagoenez, bost parte-hartzaileak goizeko 07:30ean hasiko dira salgaiak jartzen eta prest eduki behar izango dituzte produktuak azokaren irekierarako, ordu horretan pasako baita epaimahaia postuetatik. Salmentari dagokionez, "epaimahaiaren erabakia jaso ondoren hasiko da salmenta, 10:30 inguruan". Salgaien kalitatea, mota ezberdinetako salgaiak erakutsi edo saltzea, mota bakoitzeko aldaera edo barietate desberdinak erakutsi edo saltzea izango dira sariak ematerako orduan kontuan hartuko dituzten baldintzak.
Udalak jakinarazi duenez, gaur gaurkoz 20 ekoizlek eman dute izena gazta lehiaketan, baina posible da egunean bertan ere izena ematea. Parte hartzeko, Artzai Gazta elkarteko edota Idiazabal Gazta jatorri deiturako kide izan behar da eta parte-hartzaile bakoitzak gazta bat aurkeztu beharko du.
Barazki, fruta eta gazta lehiaketako sari banaketa 13:30ean izango da San Martin plazan. Sariei dagokienez, hiru arlotan sari berberak emango dituzte: irabazleari 600 euro, bigarrenari 550 euro eta hirugarrenari 500 euro. Lehiaketako oinarriak Bergarako Udalaren webgunean daude herritarren eskura.
Era berean, egitarauaren barruan daude Jardun Elkartearen eskutik Seminarixoko patioan izango diren tailerrak edota erleen bizitzaren aurkezpena eta eztiaren eraldaketa Erlantz Olabarriaren eskutik.