Murgiondo eta Galarraga: "Herrian dantzatzeak beti dauka zerbait berezia"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 7a, 16:45

Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga iazko txapelketan bigarren sariarekin. (Argazkia: GOIENA).

Zortzi bikote lehiatuko dira Moises Azpiazuren omenezko 38. Dantza Askatu Txapelketan zapatuan eta horietako bat izango da Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga bergararrek osatzen dutena; gogotsu daude, baina txapela "edozein burutan" jartzeko aukera dagoela azaldu dute.

Zazpigarren aldiz hartuko dute parte Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga bergararrek Moises Azpiazuren omenezko 38. Dantza Askatu Txapelketan. Uda "nahiko lasaia" izan ostean, irailean elkartu zaizkie, besteak beste, Donostiako, Zarauzko edota Bergarako txapelketak. Azken hori, baina, berezia dela adierazi du bikoteak herrian bertan astinduko dituztelako hankak: "Herrian dantzatzeak beti dauka zerbait berezia. Inguruko jendea gerturatzea beti da pozgarria guretzat eta aukerarik balego herriko plazan oholtzara igotzeko, zer esanik ez".

Berezia bada ere, beste txapelketa bat balitz bezala prestatu dute. Berezitasuna gertuko jendearen babesean dagoela diote eta "betikoa" eramango dutela: "Espero dugu konformatzeko adina izatea", diote barrez.

Maila parekatua

Zapatuko txapela "edozein burutan" jartzeko aukera dagoela nabarmendu dute maila parekatua dagoelako lauzpabost bikoteren artean: "Azken urtean Euskal Herriko txapeldunak izan garen arren, beste edozein izan zitekeen eta hala izan daiteke aurten ere. Disfrutatzea eta onena ematea besterik ez zaigu geratzen. Lasai eta gustura gaude zentzu horretan". Urrian izango den Segurako Euskal Herriko dantza txapelketara ere aurkezteko asmoa badute.

Oholtza, plazan

Zortzi bikote lehiatuko dira zapatuan, 19:30ean hasita, San Martin plazan –euriarekin, Seminarixoan–. Azken urteetan Seminarixoan egin duten arren, ikuskizuna plazara aterako dute ikusgarriagoa izateko asmoarekin. Arin-arin eta fandangoa dantzatuko duten bikoteak honakoak izango dira: Laura Bastida-Ekain Uzkudun (Azpeitia), Leire Urrestilla-Iker Urrestilla (Zestoa), Alaia Amubieta-Amets Amubieta (Azpeitia), Nora Aizpuru-Iker Zabala (Azpeitia), Jare Labaka-Enaitz Segurola (Azpeitia), Nahia Urkizu-Ione Aranberri (Azpeitia-Itziar), Saioa Galarraga-Julen Murgiondo (Bergara) eta Jone Arriaran eta German Aranburu (Azpeitia).

Irabazleek udalak emandako garaikurra, txapela, zapia eta 200 euro eskuratuko dituzte; bigarren saria, berriz, garaikurra eta 180 euro izango dira eta hirugarren postuan geratzen direnek garaikurra eta 170 euro lortuko dituzte. Gainerako bikote guztiek 125 euroko dieta jasoko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak