Denboraldi berriari "ilusio handiz" ekin dio Bergarako saskibaloi sailak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ira. 8a, 09:05

BKEko jokalari Antxon Hernandez Aloña Mendiren aurka jokatutako derbian, iaz, Labegaraietan.

BKEko saskibaloi sailak gogotsu abiatu du ofizialki urriaren 8ko asteburuan hasiko den 2023-2024 denboraldia, eta azpimarratu dute hiru jokalari fitxatu dituztela gizonezkoen lehen talderako.

2023-2024 denboraldirako prestaketekin hasita dago BKEko saskibaloi saila. Talde gehienak abuztuaren 28an bueltatu ziren eta gainerakoak aste honetan hasi dira; hori bai, ligako partiduak ez dira urriaren 8ko asteburua baino lehen hasiko, eta nahi duenak aukera dauka taldera gerturatzeko: bergarasaski@ gmail.com edo 696 53 07 71.

"Ilusio handiz" daude

Zuzendaritza taldeko Borja Elkoroberezibarrek dio "ilusio handiarekin" ekin diotela denboraldiari: "Aurten senior mailako lau talde izango ditugu, emakumezko talde bat eta gizonezko hiru. Gainera, heziketara bideratutako taldeen kopuru bera izango dugu, 15 talde". Helburuei begira, senior mailako emakumezkoak igotzeko lehian arituko direla gogoratu du Elkoroberezibarrek eta dio hori "oso pozgarria" dela klubarentzat.

Gizonezkoen lehen taldearekin daude bereziki ilusioz denboraldi berrira begira, iaz baino maila bat gorago lehiatuko dute-eta. "Iazko taldearen bizkarrezurra mantendu dugu aurtengo denboraldirako eta maila aldaketari ahalik eta ondoen eusteko hiru fitxaketa burutu ditugu. Bergarako bi jokalari bueltan datoz azken urteak Arrasateko Ointxe taldean jokatu ostean eta hirugarren fitxaketa Kanaria Handitik etorri da, Carlos Daniel Antivero", adierazi du Elkoroberezibarrek. Loiuko aireporturaino ongietorria egitera joan zen ordezkarietako bat izan zen zuzendaritza taldeko kidea: "Defentsan asko lagunduko digu. Hegaleko jokalariak eta bera baino jokalari handiagoak defendatzeko gai izateaz gain erreboterako sen handia dauka. Erasoan ere, erraztasun handia erakutsi du kanpotik barrurako barneraldiekin. Laburbilduz, maila honetan badu esperientzia eta kantxako bi aldeetan ondo moldatzen den jokalaria da. Gainera, ikuskizuna emateko gai izango dela uste dugu, bereziki mateekin. Carlos Daniel gustura egotea nahi dugu, taldean zein herrian. Bere garapen pertsonal eta profesionalean lagundu nahi diogu, eta gero ikusiko da zer etor daitekeen".

Bestalde, etxera bueltatuko diren jokalariak dira Josu Martinez eta Eneko Munarriz: "Biek erakutsi dute maila ona MUn azken urteetan eta ziur gaude ekarpen handia egingo digutela. Eurek ere hasieratik erakutsi zuten gogoa etxera itzultzeko. Fitxaketa hauekin guztiekin maila berrira hobeto egokituko garela uste dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak