Oraindik "zurrunbilo baten barruan, sinetsi ezinik" daudela dio Alex Arteagak, Brigade Loco musika taldeko gitarra joleak. Astelehenean jaso zuten honen guztiaren berri, eta albistea "norbaitek egindako broma bat ez zela ziurtatzeko behin eta berriz" ikusi behar izan zutela dio Arteagak.
Batek daki nola iritsi den Iggy Pop Brigade Locoren abestiak ezagutzera, baina badaude galdera horri erantzuna ematen laguntzen duten hipotesiak: "Gasteizko Azkena Rock Jaialdian egun berean jo behar genuen, baina, azkenean, gure kontzertua bertan behera gelditu zen ekaitzak eraginda, eta litekeena da egun hartan gure berri izatea. Horretaz gain, nahiz eta kasualitate hutsa izan daitekeen, gure Aurrera Doa abestiaren hasieran Iggy Popen abesti baten zati bat entzun daiteke".
Hitzetatik harago
"Ez dut ezer ulertzen, baina gogorrak dira" dio Iggy Popek Bultzada abestia entzun ostean. Musikarekin eta euskararekin hesi guztiak gainditu ditu Brigade Locok, eta horretaz harro dago Arteaga: "Letrei garrantzia handia ematen diogun taldea gara, baina honek erakusten du posible dela musikarekin eta euskararekin ere transmititzea. Gure paradisu txiki honetan muga asko jartzen dizkiogu gure buruari, baina begira noraino heldu gaitezken".
Erreferenteen mailan
Iggy Popek Social Distortion talde estatubatuarrarekin konparatu zuen Brigade Loco, eta horrek "harrotasunez bete" diela aitortu du Arteagak: "Social Distortionekin konparatu gintuela entzun nuenean hau guztia broma bat zela pentsatu nuen. Maila honetako talde batekin alderatzeak, eta, gainera, talde hori norberarentzat erreferente izateak asko betetzen du".
Europan zehar
Irailetik hasi eta urte amaiera arte Euskal Herritik kanpoko hiri ezberdinetan emango ditu kontzertuak Brigade Locok. Amsterdamen eta Kielen eskainiko dituzte lehenengo kontzertu hauek, eta ostean Praga, Dresden edo Berlin ere bisitatuko dituzte.
Elkarrizketa osoa Goiena aldizkarian argitaratuko da, ostiralean.