Egubakoitzean 18:00etan Martiritxoren jaitsierarekin hasiko dira Kofraixak eta ondoren, ohiko mozorro bizikleta martxa egingo dute Soraluzera. 20:30ean poteoa egingo dute mariatxien laguntzaz. Zeuk egin eta zeuk jan afari herrikoia 21:45 aldera izango da, eta, ostean, berritasun modura, kontzertuak –Arima Galduak eta DBQ– eta DJak izango dira.
Zapatuan, 11:00etatik aurrera jarraituko du festak sukaldaritza lehiaketarekin eta haur nahiz helduen jolasekin. Herri bazkarian 120 lagun inguru espero dituzte antolatzaileek eta hestebeteek, paellak eta postreak osatuko dute menua. Halaber, antolatzaileek jakinarazi dute nobedade modura oilaskoa halal erara dastatzeko aukera ere egongo dela Osintxuko musulmanen komunitatea auzoan integratzeko helburuarekin. Bazkalostean haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte eta iluntze-gauean Skapaie elektrotxarangak, Laket taldeak eta DJ Arnok girotuko dute auzoa.
Domekan gaupasero eta goiztiarrenek salda hartu ahal izango dute eta eguerdian, harri jasotzaile eta aizkolarien saioarekin bukatuko dira Kofraixak.