Bergarako Labegaraieta auzoko Telleria kalean kokatuta dagoen entsegu lokal baten sartu dira lapurrak, eta hainbat musika instrumentu ostu dituzte. Lokalaren erabiltzaileak astelehenean, abuztuak 28, ohartu ziren lapurretaz: "Atzeko teilatuaren ondoko leiho bat apurtuta zegoen, eta alarma bere lekutik aterata. Oraingoz ez dugu kalkulatu materialaren balioa zenbatekoa den, baina kaltea handia da".
Hainbat instrumentu lapurtu dizkietela salatu dute, besteak beste, bateria oso bat –estalki, plater eta elementu guztiekin–, gitarra bat –eta umeendako beste gitarra elektriko bat–, biolin elektriko bat, biolin akustiko bat, tronboi bat, zenbait anplifikadore –tartean, baxu baten anplifikadorea eta bere burukoa– eta hiru mikrofono.
Lapurretaz ohartu eta berehala jarri zuten salaketa Ertzaintzan: "Oso harrituta gaude aspaldian ez genuelako entsegu lokal moduan erabiltzen eta uste dugulako inork gutxik dakiela bertan instrumentuak zeudela. Musika estudio bat dago ondoan eta pentsatu dugu akaso bertan lapurtzeko asmoa zutela, baina ziur ez dakigu ezer".