Mizpirualde adinekoen egoitzan aurkeztu dute egitasmoa, eta bertan elkartu dira antolatzaileak, egoiliarrak, boluntarioak eta zaintzaileak. Abuztuaren 1etik 14ra bitartean gazte zein nagusiek jarduera desberdinak egingo dituzte, beti ere, boluntarioen konpainiarekin. Maite Usabiaga proiektuaren koordinatzaileak belaunaldien arteko harreman hauek emaitza "ederrak" ematen dituela ziurtatu du. Era berean, gazteen konpromisoa eta enpatia nabarmendu ditu.
Egoiliarrak eta gazteak, berriz, "oso gogotsu" daude proiektuari hasiera emateko, eta euren artean "esperientzia aberasgarriak" bizitzeko. Are gehiago, gazteriaz "harro" daudela adierazi dute egoiliarrek, eta baita egoitzako arduradunek ere. Izan ere, Alazne Irazabal Mizpirualdeko koordinatzaileak gazteen prestutasuna eskertu du, uda sasoian adineko pertsonen zaintzan jarduteagatik.
Ez da lehen aldia
Eusko Jaurlaritzako eta Bergarako Udalak, beste urte batez, elkarlanean antolatu dute programa, eta adineko pertsonen gizarte-dinamizazioa du xede. Horretarako jarduerak egingo dituzte eurekin: jolasak, lanketak eta tailerrak.