Areto futbol egun betea izan zuten atzo Bergarako Seminarixoko patioan herrian aski ezaguna de Semicup txapleketarekin. Zortzigarren edizioan ere ez zen emoziorik, intentsitaterik eta ikuskizunik falta izan. Goizean goizetik hasita, lehenik multzokako faseko partiduak jokatu zituzten eta arratsaldean, aldiz, kanporaketak.
Finalerako txartela eskuratzeko aukera, ordea, bi taldek izaten dute soilik eta atzokoan The Txiripot Crew eta Asap Crew taldeak izan ziren onenak. Txapelduna erabakitzeko neurketa erabakigarria estua izango zela aurreikusten zen eta halaxe izan zen. Hasieratk bi taldeek intentsitate maila altua erakutsi zuten eta argi ikusten zen finala detaile txikietan erabakiko zela. The Txiripot Crew izan zen markagailuan aurreratu zena, ondoren, aurkariek pauso bat aurrera eman zuten eta 'Txiri' taldeko atezaina lanean jarri zuten; azpimarratzekoa azken honek egindako lana. Denbora gutxi gelditzen zen finala amaitzeko eta azkenerako Asap Crew-k egindako lanaren saria jaso zuen neurketa berdintzea lortuta. Arauzko denbora banako berdinketarekin amaitu ostean, penaltietan erabaki zen aurtengo txapelduna eta asmatu zuen bakarra The Txiripot Crew izan zen.
Sari banaketan jaso zuten txapeldunen garaikurra, baina izan ziren beste saritu batzuk ere. Azpimarratzekoen artean Iñigo Zaitegiri egindako omenaldia. Urteetan zehar klubarentzat egindako lan guztia aitortu nahi izan zioten antolakuntzako kideek eta koadro bat oparitu zioten aurtengo txapelketako kartelarekin, bera baita bertako irudia.
Antolatzaileak pozik
Txapelketa amaituta antolatzaileak "gustora" eta "pozik" azaldu ziren egunak emandakoarekin eta esker oneko hitzak izan zituzten txapelketa aurrera eramaten lagundu duten guztientzat. "Antolakuntzako talde indartsua dugu eta horrela errazagoa da dena aurrera eramatea. Gainera, jokatzeaz gain parte hartzaileak ere beti egoten dira esku bat botatzeko prest eta gaztetxoak ere eduki ditugu baloiekin eta bestelakoekin laguntzen. Balorazioa oso positiboa egun dugu" dio Andoni Bretaña antolakuntzako kideak.
Zortzigarren edizioa izanik, herrian errotuta dagoen txapelketa da Semicup eta horren adibide egun guztian zehar zaletu asko hurbildu zirela Seminarixoko patiora. Txapelketa amaitu berritan "atseden pixka bat" hartuko dutela aitortu zuen Bretañak, baina era berean, datorren urtekoari begira laster hasiko direla.