Areto futboleko Semicup-en zazpigarren edizioa jokatuko da bihar, goizeko zortzietan hasita, Seminarixoko patioan. Denera, hamabost taldek eman dute izena –123 lagun–, eta hiru multzotan banatu dira. Helburua bete dutela diote antolatzaileek: "Azken urtean talde gutxiago izan ginen, noizbait gehiago izan gara, baina helburu bezala 15-20 talde jartzen ditugu; beraz, helburua bete dugu".
Goiz osoan, 14:00etara bitartean, kanporaketa fasea jokatuko dute. Goizeko norgehiagoka bakoitzak hamabi minutu iraungo du eta partida horietan erabakiko da nortzuk izango diren arratsal- deko finaleko faserako sailkatuko direnak. Denera, zortzi izango dira soilik: multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak eta hirugarren postuan sailkatzen diren bi talde onenak.
Arratsaldeko finaleko fasean hamalau minutuko kanporaketa partidak izango dira. Final-laurdenak 17:00etatik 18:00etara bitartean jokatuko dira, eta lau taldek egingo dute aurrera. 18:00etan eta 18:15ean lehiatuko dira bi final-laurdenak. Hirugarren eta laugarren postuak 18:30ean erabakiko dituzte eta final nagusia 18:45ean jokatuko da, "dena orduan bada".
Eguna borobiltzeko, kontzertua
Behin txapelketa amaituta, sari-banaketa egingo dute –lehen hiru sailkatuak; jokalari, atezain eta goleatzaile onenak eta jokalari berezia– eta Antzuolako Udazken taldeak ordubete inguruko kontzertua eskainiko du Seminarixoko patioan.