Berumuga musika zikloak aurrera segitzen du, eta gaur gauean, 22:00etan hasita, Galiziako Family Folks taldeak hartuko du Espoloia. Pop, psikodelia, country-rock eta blues doinuak lantzen ditu Bosco Hillek, Ruben Xuarezek, Xabier Vieitezek, Jorge Lorrek eta Rufus El Guarro-k osatutako boskoteak euren piezetan. Arrasate Irratiak Berumugari buruz egindako podcast berezian, Ubane Uzin antolatzaile eta Gaztelupeko Hotsak-eko kideak dio taldekide bakoitza beste proiektu batzuetan ibiltzen dela musikari modura, baina honako hau dela "euren proiektua". Galiziako taldeaz galdetuta, hauxe dio Uzinek: "Asko gogorarazten dit 60ko eta 70eko hamarkadetako rock-and-rolla. Hor definituko nuke. Oso dantzagarriak dira".
Hiru disko kaleratu dituzte eta argia ikusi duen azken lana Naufrage izenekoa da. Kideetako zenbaitek ezagutzen zuten Bergarako musika zikloa; izan ere, 2020ko edizioan aritu ziren, The Bo Derek's taldeak egin zuen kontzertuan.
Harmonika protagonista
Bartzelonatik etorritako Sweet Marta & Johnny Bigstone bikoteak itxiko du 2023ko Berumuga musika zikloa, hilaren 28an, eta honako hau ere gaueko hamarretan izango da, Espoloian. Blues klasikoko bikote akustikoa da, eta generoko maisu handienen bertsioak egiten ditu.
"Emakumezko blues harmonika-jole bakarrenetakoa da Espainiako Estatuan", eta hor jarri du azpimarra Uzinek: "Oso emakume gutxi daude harmonika jotzen dutenak". Iaz, gainera, Arrasate Bluesen hartu zuen parte, baina beste formatu batean.
Uzinek gaineratu du "aspalditik" nahi zutela ekarri: "Musikari profesionala da eta hainbat proiektutan aritzen da. Deitu genionean baietz esan zigun, baina biko formatuan etorri nahi zuela esan zigun. Ez genion inolako oztoporik jarri".
Datozen asteetako kultura ekitaldiak
Uztail amaieran eta abuztuan zehar ere kultura ekitaldiek izango dute lekua Bergaran. Domekan, esaterako, Frontona antzerki emanaldia egingo dute Boluko frontoian, 17:00etan hasita. Izenari erreferentzia eginez, frontoia bihurtu ohi dute antzezlan interaktiboaren antzezleku.
Abuztuaren 2an, eguaztenean, Zirkugintza Zirku antzerki konpainiaren ikuskizuna izango da ikusgai Espoloian, 19:30ean hasita. Haurrentzako den zirku ikuskizunak inklusioaz eta pertsonek gizartean duten garrantziaz hitz egiten du.
Bestalde, JAC –Jaime Alvarellos Correcher– blues abeslari eta gitarra-joleak Dry izeneko azken diskoa aurkeztuko du abuztuaren 20an Fraiskozuri plazan, 20:00etan.
Erakusketak Aroztegin
Hilaren 28tik abuztuaren 13ra Olatz Irigaraik eta Maritxu Intxaustik arroz-paper luzeetan egindako margolanak erakutsiko dituzte Basati erakusketan. Hain zuzen ere, horri buruzko erreportajea irakurgai dago gaur kaleratutako Puntua aldizkarian.
Abuztuaren 18tik irailaren 3ra, berriz, Miren Eva Careagaren eskultura, grabatu eta argazkiak izango dira ikusgai.