Jardun euskara elkarteko arduradunen arabera, "emaitza oso onak" jaso dituzte: "Oso pozik gaude aurtengo udalekuekin. Hiru asterako egon diren gurasoek bete dituzten galdetegietan emaitzak oso onak jaso ditugu; hezitzaileekin egunero egin ditugun bileretan ere jasotako feedbacka ona izan da beti eta gure sentsazioa da umeak ere oso gustura ibili direla. Izan ere, umeak dira protagonista, umeak jartzen ditugu erdigunean. Euren gustuen araberako ekintzak antolatzen saiatzen gara".
Eguzkirik ez du egin apenas, baina gustura ibili dira: "Eguraldiarekin ere pozik gaude. Uste dugu denontzat dela hobe 25 gradutan ibiltzea 40 gradutan baino. Igerilekutik irteterakoan umeek hotz pixka bat pasatu dutela? Agian, bai. Baina hobe hori bero larregi dagoenean umeengatik kezkatzea baino. Guretzat garrantzitsuena da euria ez egitea, eta ez digu apenas egin. Lainotuta eta fresko egon da, baina oso gustura ibili gara".
Erdiguneko, Angiozarko eta Osintxuko udaleku irekiak aintzat hartuta, 398 ume egon dira. Hiru asterako 128 umek eman dute izena eta gainerako 270 umeak lau astez ibili dira.