1974an Luis Sarria atleta bilbotarrak egin zuen 20,89ko marka hamabi ehunen ondu du bergararrak (20,77). Anoetako pistan egin zuen errekorra, eta dagoeneko uztailaren 28an Torrent-en jokatuko dituzten Espainiako Txapelketara begira dago. GOIENA martxoan izan zen Calbanorekin Anoetan, entrenamendu saio bat bertatik bertara jarraitzen, eta bistan da denboraldi borobila egiten diharduela, aurrerapauso handiak ematen dabil eta.
30 ehuneneko hobekuntza
Realeko 22 urteko atletak Anoetako estadio txikian egin zuen marka. Haren espezialitatean saiatu aurretik, 100 metrokoan ikusi zuen sentsazio onak zituela, marka egiteko eguna izan zitekeela. Eta halaxe izan zen. Lehenago, 21,07 zen Calbanoren denbora onena –30 ehunen okerragoa–, eta saio bakarrean 20,77 egin zuen. Hala, distantzia horretan euskal atleta azkarrena bilakatu da Calbano, Luis Sarria gaindituta.