Herrian errotuta dagoen ekimena da ekaina eta uztaila artean Ipintzan jokatzen den udako futbol txapelketa, bereziki herriko futbolzaleak baina baita kanpokoak ere erakartzen dituena. 2023ko edizioko final handiak gaur jokatuko dira, esandako moduan, Ipintza futbol zelaian: emakumezkoen finala Panzip eta QCS taldeek jokatuko dute (17:30); gizonezkoen ligako finalerako MFK eta Txinpartak taldeak sailkatu dira (18:30) eta gizonezkoen arteko kopako finala HIS eta Sansigol taldeen artean erabakiko da (19:30). Ondoren, hainbat sari banatuko dituzte: hiru kategorietan txapeldunak eta txapeldunordeak eroango dute garaikurra, eta emakumezkoetan zein gizonezkoetan –liga eta kopa ez dira berezituko kasu honetan– jokalari onenek, atezain onenek eta golegile finenek ere jasoko dute saria. Gainera, gaurko finaletara joaten diren ikusleen artean oparitxo batzuk banatzeko zozketa ere egingo dute.
Andoni Bretaña (antolakuntza): Ederra da kanpoko jokalariak izatea, baina kuadrillak dira gure oinarria"
Emakumezkoen txapelketa
Txapelketaren antolakuntzan buru-belarri diharduen Andoni Bretañak gogora ekarri du herriko kuadrillak direla aspaldiko txapelketa horren oinarria: "Futbolaz harago, herriko kuadrillen arteko pike sanoa eragiten du txapelketak. Badaude jokalariak Elgoibartik, Beasaindik, Ordiziatik, Zarauztik, Tolosatik edota Gasteiztik datozenak, baina, batez ere, Bergarako kuadrillak dira protagonista. Kuadrillak dira oinarria, baina kanpoko jokalariek ere txapelketa horretan parte hartzea ederra da; eurak ere udako txapelketaren parte dira, eskertuta gaude etortzen direlako".
Emakumezkoen zortziko futbol txapelketa antolatzea lortu dute aurten: "Azken bi urteetan saiatu gara antolatzen eta aurten lortu dugu, gure asmoa delako emakumezkoek eta beteranoek ere parte hartu ahal izatea; tamalez, ez dugu lortu beteranoena ateratzea, baina neskena lortu dugu, eta pozik gaude horregatik. Emakumezko bost talde izan dira aurten; ea hurrengo urtean talde gehiago animatzen diren".
Ekimenarekin pozik orain arte
Gaurkoa ekimena borobiltzeko eguna izango da. Izan ere, Bretañak aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin du: "Emakumezkoen txapelketa atera dugu, behingoz, eta ea mantentzeko gai garen. Gizonezkoetan hamasei talde izan dira aurten, iaz baino bi gutxiago, baina pozik gaude".
Babesleak lortu dituzte
Bestalde, Bretañak eskerrak eman nahi izan dizkie Udalari eta Bergara Kirol Elkarteari, haien "ezinbesteko laguntzagatik". Aurten, gainera, babesleak ere izan dituzte lehen aldiz, eta haiei esker on berezia bidali nahi izan die Bretañak: "Aurten lortu ditugu babesleak lehen aldiz; eskertzekoa da halako ekimen bat ahal duten heinean babestea". Honako enpresa hauek izan dira aurtengo babesleak: Ordesa, Miner Ardoak, Matxiategi SL, Embalan, Alga lurrindegia, Nº1 zapatila denda, Kayak taberna eta Exga Erreformak.