Gorka Artola Bergarako alkatea eta Ainhoa Lete alkateordea izan dira eurekin, eta udaleko egitura eta funtzionamendua azaldu dizkiete, batik bat herrigintzako arloak hizpide izanda; besteak beste, gizarte ekintzak, adinekoak, kultura eta euskara. "Ohorea da Mendibururi Bergaran harrera egitea eta gure esperientziak partekatzea. Ziur gaude horrelako trukeak funtsezkoak izango direla gure herrien aurrerapen eta ongizaterako", adierazi du Artolak.
Mendiburuk, berriz, nabarmendu du era honetako trukeek "herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta tokiko administrazioa indartzeko" balio dutela. "Bergarako bisita oso aberasgarria izan da. Herri honetan ezarritako jardunbide egokiak gertutik ezagutu ahal izan ditugu, eta Bergarako gure kideekin ideiak eta esperientziak trukatu ditugu".
Bi udalek, beraz, gerora begira ere elkarlanean jarraitzea espero dute, "herriari mesede" egiteko asmoz, ezagutzak partekatuz.