Haren arabera, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan emaitza "oso positiboa" izan du alderdiak, eta uste du abiapuntu "interesgarria" izan daitekeela hauteskunde hauetarako. "Uste dugu gipuzkoarrek berriro berretsi dezaketela gugan jarri duten konfiantza. Goranzko joera batean goaz, eta baliteke oraingo erronka honetan ere norabide hori baieztatzea". Era horretan, Gipuzkoako hirugarren hautagaitza eskuratu nahi dute Kongresuan; kasu honetan, Urzelai bera.
Hain justu, Urzelaik eginiko lehen hitzartzea izan zen atzo arratsaldekoa Irala kalean, eta horretarako alboan izan zituen zenbait alderdikide ere. Gorka Artola Bergarako alkateak egin zuen aurkezpena, baina han zen, esate baterako, Maddalen Iriarte ere.
EH Bilduren lana
EH Bilduk Espainiako Gorteetan eginiko lana ere hizpide du Urzelaik, eta nabarmendu du EH Bilduren presentzia "erabakigarria" izan dela azken lau urteetan, baina handiagoa izan daitekeela taldea indartuz gero. "Ekarpen interesgarriak egin ditugu hainbat legeren onarpenean, euskal herritarren ongizatean ekarpena egin dugu, eta norabide horretan sakontzen jarraitzea izango litzateke gure helburua; ordezkari gehiagorekin etekin handiagoa aterako diogu gure lanari".
Amaitzeko, brindisa egin zuten bertaratutako guztien artean, jai giroan.